Ezkurdi eta Durangoko Bikainak etxean arrotz sentitzen diren taldeen kasua

Anboto 2016ko ira. 30a, 12:00

Etxean arrotz sentitzea ez da sentimendu atsegina, baina etxe barik geratzea baino hobea da. Egoera horretan daude Ezkurdi eta Durangoko Bikainak futbol taldeak. Aurten ezin dute euren etxetzat duten Arripausuetan jokatu zelaia ez dagoelako futbolean jokatzeko homologatuta. Ondorioz, senior taldeak Tabiran ibiliko dira. Baina, udalak homologatzea lortu ezik, baliteke datorren urtean talde denek —gazte mailetakoak barne— Tabiran sartzeko arazoak izatea.

Arazoa ez da berria. Federazioak hainbat urte daramatza abisatzen Arripausuetako zelaia ez dagoela arauetara egokituta. Hareazko zelaitik belar artifizialerako aldaketa egin zenean, behin-behineko homologazioa jaso zuela gogoratzen du Ezkurdiko presidente Jesus Caceresek; hau da, zelaia apurka-
apurka arauetara moldatzeko baldintzapean, bertan jarraitzea baimendu zuen. Aurten arte. Ezkurdi eta Durangoko Bikainak taldeetako presidenteek udalaren utzikeria salatu dute. Caceresen esanetan, “urtarriletik bazeukaten federazioaren asmoen berri, baina uzten eta uzten joan dira. Ez da aurtengo kontua, hala ere. Urteak dira arazo honen berri badagoela, eta ez dute ezer egin”. Halaxe uste du Carlos Gomez Durangoko Bikainak taldeko presidenteak ere, eta federazioak uste berdina plazaratu diela argitu du: “Jesus [Caceres] eta biok federazioko presidente Iñaki Gomez Mardonesegaz batzartzean, udalak entzungor egin diela esan zigun”. Biek ala biek pilota udalaren teilatuan dagoela uste dute. Pilar Rios Durango Kirolak-eko presidenteak “gai konplikatua” dela onartu du, eta “federazioagaz eta aldundiagaz negoziatzen” dabiltzala esan du, “arazo handi honi konponbidea emateko”.

Eta datorren denboraldian?
Momentuz, egoera jasangarria da. Senior mailako gizonen hiru taldeak —Ezkurdiko bi eta Durangoko Bikainak-eko bat— Tabirara eraman dituzte, eta gazte mailakoek Arripausuetan jokatu dezakete federazioak hala baimenduta. Baina, baimen horrek aurtengo denboraldia amaitu arte iraungo du. Orduan, Arripausuetak homologatu barik jarraitzen badu, Tabirak ba ote du ahalmenik talde denak hartzeko? Durangoko Kulturala ere kontuan hartuta, 30 talde inguru lirateke. Caceresen ustez, egoera hori “bideraezina” litzateke.

Beraz, ataka horretan daude klub biak. Euren etxean obra egokiak egingo dituzten esperoan, Tabiran hartu dute ostatu.  Biak udal azpiegiturak badira ere, Arripausueta sentitzen dute euren etxe. Are gehiago, gaur egun ere hantxe entrenatzen dira. Hau da, zelai batean entrenatu eta bestean jokatzen dute. Egoera deserosoa da: “Gure jokalariek diote urte osoan kanpoan jokatuko dugula”, onartu du Carlos Gomezek. Caceres ere uste berekoa da: “Aurten ez dugu inoiz etxean jokatuko”. Sentimenduzkoak ez ezik kalte praktikoak ere baditu aldaketak. Zelaiaren ‘nortasuna’ ondo ezagutzeak etxeko taldeei ematen dien abantaila galduko dute.

Partiduak domeketan
Tabira futbol zelaiko ordutegia zabaldu egin dute domeketan, talde berriei tokia egiteko. Domeketan goizago ireki (08:00etan), eta beranduago itxiko dute (15:30ean). Gainera, kudeaketa errazteko, txandakatu egingo dira: Batak Tabiran jokatzen duenean, besteak kanpoan jokatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!