500 euroko saria jasoko du DKT-ko korrikalariei irabazten dienak

Anboto 2016ko ira. 29a, 16:00
Iazko Atletismo Egunean DKT-ko korrikalari batzuen erakustaldia.

Ehun bat metrotan Durango Kirol Taldeko korrikalariak gainditzeko kapaz den eskualdeko kirolariak 500 euro irabaziko ditu urriaren 8ko Atletismo Egunean.

Hirugarren urtez jarraian, DKTk Atletismo Eguna antolatuko du Durangoko San Fausto jaien barruan. Urriaren 8an, 18:30ean, izango da, Ezkurdin. Ekimenaren barruan erronka bitxiak antolatu ohi dituzte eta aurten ere horrela izango da. Oraingon Durangoko kirolariei bota diete erronka; DKT-ko korrikalari edo entrenatzaileen aurka lehiatzeko aukera izango du ehun metro eskas dituen zuzengunean eta irabaziz gero 500 euroko saria jasoko du.

Parte hartzaileek baldintza bi bete behar dituzte. Alde batetik, Durango, Iurreta, Abadiño, Berriz, Zaldibar, Elorrio, Garai, Izurtza, Atxondo eta Mañaria herrietan ekainaren 1ean edo egun horren aurretik erroldatuta dauden kirolariek parte hartu dezakete. Bigarrenik, herri horietako edozein kirol klubetan lizentzia izan behar du.

Izen-ematea egunean bertan zein lehenago egin daiteke: astelehenetik barikura, 18:00etatik aurrera, Durangoko atletismo pistan DKTko arduradunengatik galdetuta.

Aurten erronka hau antolatzea ez da kasualitatea. Azken urte bietan askotariko kiroletatik (futbola, saskibaloia, errugbia…) etorritako kirolariek, entrenamenduari esker, aurrerapausu nabarmenak eman dituztela ohartu dira DKTko kideak. Bide horretatik, hurrengo urteetan Bizkaiko eta Euskadiko abiadura errekorrak hautsiko dituen hurrengo izarraren edo izarren bila dabiltza. Hain zuzen, DKT-ko Orkatz Beitia entrenatzailea da errekor bi horien jabea.

Iaz, korrikalaria patinatzailearen kontra

Iazko erronkan Orkatz Beitia korrikalaria eta David Gutierrez patinatzailea nor baino nor gehiago jarri zituzten 100 metrotan eta Beitiak irabazi zuen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!