"Jendearen aurrean adoretu egiten naiz, gustatzen zait jendeak niri begiratzea"

Anboto 2016ko ira. 27a, 09:40

Irene Alvarezek (1992) eta Evan Serranok (2000) Durango Fashion Gauan desfilatuko dute.

Lehenengoz igoko dira pasarelara Irene Alvarez (Soraluze) eta Evan Serrano (Durango). Irailaren 30ean izango den Durango Fashion Gauak eman die aukera. Dendak Baik ekainean deitutako castingera aurkeztutako 70 lagunetatik 27 arituko dira modelo lanetan;  modelo profesionalen alboan arituko dira Irene eta Evan ere.

Lehenengoz igoko zarete pasarela batera. Nolatan?
Irene Alvarez: Donostiako modelo agentzia batean nago. Hala ere, horregatik baino, moda mundu hori zelakoa den ikusteko aukera ona iruditu zitzaidalako animatu nintzen. Betidanik gustatu izan zait moda.  
Evan Serrano: Castingean parte hartzera animatu ninduen amak, eta bizipen berrietarako  aukera ona iruditu zitzaidan.

Modu berezian prestatu zarete? Urduri zaudete?
I.A.: Ez! Egia esan, ez dut inoiz pasarela egin, eta ez dakit nola doan. Baina, ikasteko gogoagaz nago. Apur bat urduri nago, bai. Baina ez dut beldur eszenikorik. Eskalatu ere egiten dut, eta lehiaketetan aritzen naiz. Halakoetan, jendearen aurrean adoretu egiten naiz, gustatzen zait jendeak niri begiratzea. Baina pasarelan desfilatzea ez dakit nola joango den.
E.S.: Aurreko batean, Madrileko Fashion Week ikusi nuen telebistan, amagaz (barrez). Baina, besterik gabe. Urduritasun pixka bat ere badaukat. Castingean ere oso urduri egon nintzen.

Gustatuko litzaizueke modelo profesional izatea?
I.A.: Badakit oso zaila dela, baina, bai, gustatuko litzaidake. Hala ere, pasarela baino, gurago nuke argazkietarako modelo izan. Gehiago gustatzen zait. Gainera, ez dakit pasarelan aritu ahalko nuen, altueragatik.

Eta zu, Evan, erakartzen zaitu mundu honek?
E.S.: Egia esan, bai. Pasarelan aritzeko ez dakit.... oso urduri jarriko nintzateke eta. Baina, GuTaGutarrak telebista saioan parte hartu dut. Ikastetxetik joan nintzen, eta dibertigarria izan zen. Baina, urduri ibili nintzen. Argazkietarako igual hobeto.

Modaren mundua zaila iruditzen zaizue, beraz.
I.A.: Zaila da, bai. Begira zenbat modelo dauden, eta gutxi heltzen dira onak izatera. Horixe da zailena, ona izatera heltzea. Gainera, modeloa egin egin daitekeen arren, uste dut jaio egiten dela gehiago.
E.S..: Zaila da, baina, dibertigarria ere bai. Gustuko duzuna egiten ari zara.

Modari jarraitzen diozue?
I.A.: Ez. Gustuko dudana janzten dut. Orain modan dauden arropa batzuk ez zaizkit gustatzen.
E.S.: Ni ere ez naiz modaren jarraitzailea. Denen moduan, gustatzen zaidana janzten dut.  Baina  baliteke, hasiera batean gogoko ez zenuen arropa bat gogoko izatea azkenean, hainbeste ikustearen ondorioz. Kanpai formako prakak ei datoz berriro, baina ez ditut jantziko. Ez dut uste! Ez zaizkit batere gustatzen. Gorroto ditut (barrez).

Zer behar da modelo izateko?
I.A.: Nik uste sen horregaz jaio behar duzula. Badaude modelo batzuk ‘ukitu’ hori dutenak. Mutil edo neska izan ere desberdina da. Neskek ibilbide laburragoa dutela ematen du.
E.S.: Astronauta izateko ikasketa batzuk behar dira. Modeloak bestelako ezaugarriak ere behar dituela uste dut: gorpuzkera, aurpegia, ausardia... Honegaz jaio egiten zara. Txikitatik ikusten da hau edo bestea janzteko gogoagaz zatozen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!