"Dantzan ari ginela hasi zen eraso, irain, ukitze eta bestelakoen festa"

Anboto 2016ko ira. 23a, 08:00

Rugby Tabernan gau hartan bizitakoa gutun batean jaso eta Durango Rugby Taldeari bidali zioten  emakumeek. Hona gutuna osorik irakurgai:

"Jarraian aurkezten den idatzi hau Durangoko Rugby taldeko zuzendaritza eta tabernari zuzenduta dago.

Kaixo,

Durangoko neska talde bat gara, eta larunbat gauean zuen tabernan gertatutakoaren berri ematera gatoz.

Zapatu gauean Goienkaleko jai giroaz gozatzen ari ginen, jai giro lasai eta atseginean. Ohikoa dugun legez, Rugby tabernara hurbildu ginen, trago bat hartu eta dantzan jarduteko asmoz. Gauaren hasieran, ezezagunak zitzaizkigun mutil kuadrila bat bertatik zebilela ohartu ginen, eta rugby partida eta gero, alde zaharreko tabernetara hurbildu zirela kontatu ziguten.

Tabernara sartu orduko, giroa ez zen hain lasaia, jendea aztoratuta zegoen, baina tira, ez genion beste munduko garrantziarik eman. Gutako bat tragoa eskatzen ari zela, bizpahiru rugby jokalari gainetik kendu ezinean zebilen, ez zuten bakean uzten. Beste batek albotik kentzeko esan zien, eta halamoduz, aldentzea lortu genuen. Dantzan ari ginela hasi zen eraso, irain, ukitze eta bestelakoen festa.

Inongo poesia barik kontatuko dugu gertatutakoa. Bizkarrean muxuak eta laztanak eman zizkiguten, behin baino gehiagotan ipurdia ikutu, ilean eskuak jarri, dantza egitera derrigortu, iraindu… gutako bat komunean zegoela, lau jokalariren artean hartu zuten eta ez zuten bakean utzi, neskak aski zela esan arte, era tinko eta gogor batean. Jokalariei bakean uzteko esan genien, bultz egin genien albotik kentzeko esanez, eta, hala ere, nahi zutena egiten jarraitu zuten. Egoeraz nazkaturik, taberna itxi bezain pronto, gutako hiruk etxera joateko erabakia hartu genuen, oso haserre geunden.

Lagun batek bera ere gurekin zetorrela esan zigun, negarrez. Lagun horrek “I want to fuck you” bezalako txerrikeriak entzun behar izan zituen, gainera, aurre egitean, jokalari matxitoek erantzun egin zioten, harrokeriz eta komentario matxistak eginez eta eskua aurpegian jarri zioten, ez dakigu zein helbururekin. Lagun hori, jasandako erasoa kontatzen ari zitzaigula, beste hiru jokalari hurbildu ziren gugana, eta neska bati musu eman zioten sorbaldan. Gutako bik (lau geunden) erantzun genuen. Beraiengana joan ginen aurre egitera, eta haietako batengandik tirakadak jasan genituen.

Hau guztia Durangoko Rugby taldearen aurka jokatzera etorri ziren jokalari batzuk egin zuten, Durangoko Rugby tabernan. Soberan dakigu zuen jokalariek ez zutela inongo erasorik egin, ez gatoz hori salatzera. Baina gertatutakoaren erantzukizuna taldeak zeukala uste dugu.

Uda beltza izan da Euskal Herrian. Jaietan eta jai giroan, hamarnaka eraso salatu dira, eta ehundaka izan dira salatu gabekoak. Azken egunetan, Durangon 5 eraso gertatu dira, eta nazkatuta gaude. Goienkalen geunden, goizeko 1ean, dantzan eta trago batzuk hartzen. Jokalariok EDOZER egiteko eskubidea zeukatela uste zuten, neska talde bat ginelako.

Gutun hau, erantzun bat izan dezaten idazten dizuegu, haserre, minduta eta kokoteraino gaudelako.

Egiten dugun eskaera oso zuzena da: Talde horrek ez dezala sekula Durangon jokatu. Eta gertatutakoaren berri ematea, ziur baikaude gau hartan gustura asko egin zutela lo eta.

Eskaera hau bete ezean, gertatutakoa publiko egingo dugu, eta talde honi boikota egingo diogu herrian. Gainera, neurri hauek hartzen ez badira, Durangoko Rugby taldeari azalpenak eskatuko dizkiogu, publikoki.

Gertatutakoari buruz hitz egitea nahi baldin baduzue, behean gutako bi nesken kontaktua luzatzen dizuegu.

Egoera larria da, oso. Eta hemen inork ez du ezer egiten. Kalean, tabernetan… ibiltzea delitua ahal da?

Denak ez du balio

Zuen erantzunaren zain,

Aldez aurretik eskerrak emanez,"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!