Irailaren 3an Durango Rugby Taldeak eta AS Bayonnek partidu bat jokatu zuten DRTk gonbidatuta. Ostean, AS Bayonneko jokalari batzuk Durangotik ibili ziren. Rugby Tabernan zeudela, Durangoko neska batzuek errugbilarien partetik erasoak jasan zituztela salatu dute. Eraso horien berri eman zioten DRTri. Klubak erasoa jasandakoei babesa eskaini die, eta egoeraren aurrean hainbat neurri hartu ditu.
Neska koadrila honek gutun baten bidez helarazi zion DRTri zapatu gau hartan gertatutakoa. Hona erasoak salatzen dituzten gutun horretako pasarte batzuk: “Dantzan ari ginela hasi zen eraso, irain, ukitze eta bestelakoen festa… Bizkarrean musuak eta laztanak eman zizkiguten, behin baino gehiagotan ipurdia ukitu, ilean eskuak jarri, dantza egitera derrigortu, iraindu. Gutako bat komunean zegoela, lau jokalariren artean hartu eta ez zuten bakean utzi, neskak aski zela esan arte. Tinko jarri eta beraiengana joan ginen, aurre egitera. Gero, haietako batengandik tirakadak jasan genituen”. Gutunean zehazten dutenez, “badakigu soberan zuen jokalariek [DRTkoek] ez zutela inongo erasorik egin, ez gatoz hori salatzera, baina gertatutakoaren erantzukizuna taldeak zeukala uste dugu”.
DRTk gutuna AS Bayonnera bidali zuen, eta astebetean erantzuteko eskatu zion. Ez dute erantzunik jaso.
Protokolo bat martxan
DRTk “erasoen biktima sentitu diren emakumeei elkartasuna” adierazi die, eta “euren esanetara” jarri da, “behar denerako”. “Eraso sexista adierazten duen edozein jarrera salatzen dugu”. Horregaz batera, Durangora “berriro gonbidatuko ez dituztela” jakinaraziko diote AS Bayonneri. Gainera, Rugby Taberna erasorik gabeko espazio librea izateko eta aitortzeko “beharrezko pausoak ematen” hasiko dira, eta “ekintza protokolo bat sortuko” dute etorkizunera begira.