30 urtetik gorako klasikoen topagune bihurtuko da Durango asteburuan

Anboto 2016ko ira. 20a, 12:25

Inguruko auto klasikoen zaleek urtero gogo biziz itxaroten duten hitzordua heldu da. Auto klasikoen rallyaren 16. aldia asteburu honetan jokatuko dute Durango bilgune duela, eta horri esker, autoen munduan mito bihurtu diren askotariko klasikoak bertatik bertara ikusteko aukera egongo da Landako erakustazokan.

Aurtengo aldiak dedikazio berezi bat du. Urteetan klasikoen rallyko antolatzailea izan den Maykel del Cid 2015 amaieran hil zen, eta rallya bere oroimenezkoa izango da.

Antolatzaileen esanetan, 30 taldetik gora batuko da erakustazokan. Ferrari, Porsche, Lancia, BMW, Audi, Ford Scort… dira etorriko diren marketako batzuk. Jatorria ere askotarikoa da: Nazioartetik (Frantzia, Italia, Andorra…), Estatutik (Kanariar irlak, Valentzia, Katalunia, Madril…) eta Euskal Herriko hainbat herritatik etorriko dira.

Barikuan, 17:00etatik aurrera, erakustazokan batuko dira. Hantxe egongo dira lau orduz,  21:00 arte. Ordu horretan irtengo da lehen parte-hartzailea.

Otxandiotik igaroko dira

Lasterketa hasi arte ibilbidea sekretua izaten den arren, antolatzaileek ibilbidearen barruko herri batzuk aurreratu dituzte. Esaterako, zapatuan, 16:00etatik aurrera, Otxandiotik Eskoriatzara joango dira. Barikuan, aldiz, Muniketatik eta Bizkaiko Balkoitik ibiliko dira. Baita Lekeitio ingurutik ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!