Xabier Arana Arandoño elkarteko kideak gaurko agerraldian aurreratu duenez, instrumentu horren funtzionamenduaren inguruko azalpenak eta organorako zazpi pieza tartekatuko ditu Benantzi Bilbaok, irailaren 24an, 20:15ean, eskainiko duen emanaldian.
Zapatu honetakoaren ostean, organoaren soinua protagonista izango duten beste hiru kontzertu ere izango dira, abendura bitartean, Durangon. Andra Marin izango dira hiru kontzertu horiek, azken hilabeteetan berrizten jardun diren organoan. Hain zuzen ere, berrizte lan horien osteko lehenengo kontzertua izango da, azaroaren 4rako Arandoñok antolatu duena.
Organoa berriztuta
Durangon hainbat aldiz jo duen 90 urteko Montserrat Torrent organista kataluniarrak joko du, azaroaren 4an, 20:30ean. Emanaldi horren aurretik (19:00etan), Andra Mariko organoa berrizten ibili den enpresako ordezkariak berrizte lanen inguruko azalpenak emango ditu. Aranak aurreratu duenez, 76.000 euroko inbertsioa egin dute 1942. urteko organo alemaniar hori berrizteko.
Abenduan izango dira beste bi kontzertuak. Silboberri txistu elkarteak antolatu duen organo eta txistu kontzertua izango da, abenduaren 3an, 20:00etan; eta organo eta orkestra kontzertua, abenduaren 17an. Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Aarón Rivas organista gonbidatuko dituzte Aranaren berbetan, "handia eta antolatzeko zaila, baina benetan interesgarria" den azken hitzordu horretara. Arandoño elkarteak eta Durangoko Kontserbatorioak elkarlanean antolatu dute Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta Rivas organista gaztearen emanaldia.