Paco Obregón-ek zuzenduriko 'Frida' antzezlana estreinatuko dute, zapatuan, San Agustinen

Anboto 2016ko ira. 13a, 13:57

Javier Obregón eszenografoak, Javi Ulla argiztapenaren arduradunak, Rosa Martínez-Alcocer aktore protagonistak, Fran Lasuen musikariak eta Paco Obregón zuzendariak parte hartu dute zapatuko estreinaldiaren iragarpenean.

Irailaren 17an, 20:00etan, estreinatuko dute Frida Kahlo, viva la vida antzezlana, Durangoko San Agustin kulturgunean. Rosa Martínez-Alcocer aktore durangarrak antzezten du Frida Kahloren pertsonaia, eta berak abiaturikoa da proiektua. Paco Obregón zuzendaria eta 90eko hamarkadara arte Durangoko Geroa Antzerki taldean kide izan zituen beste hainbat sortzaile batu zaizkio Martínez-Alcocerri lan taldera. San Agustin kulturgunean elkartu dira lan talde horretako bost kide, gaur, estreinaldia iragartzera.

Martinez-Alcocerrek azaldu du, urteak direla Frida Kahloren pertsonaiak erakarrita, haren inguruan asko irakurtzen hasi zela, eta margolari mexikarraren inguruko obra bat oholtzaratzeko grina sortu zitzaiola. Humberto Roblesek idatzitako antzezlana aukeratu, eta maiatzean, Geroa taldeko kide eta lagunei azaldu zien Frida Kahlori buruzko antzezlana egiteko bere proposamena.

Egitasmoagaz aurrera egitea erabaki zuten. Urteetan elkarregaz lan egin barik egon eta gero, "berriro elkarregaz jarduteko gogoak" batu zituela azaldu dute lantaldeko kideek. Proiektuaren osagai nagusia 25 urte eta gero berriro elkartu direnen arteko maitasuna dela azpimarratu du egun Madrilen bizi eta lan egiten duen Paco Obregón zuzendariak. Maiatzetik hona, antzezalana muntantzen emandako prozesua, "magikoa" izan dela esan dute sortzaileek.

Hezur-haragizko Frida Kahlo

Frida Kahloren "alde intimo, hezur-haragizko eta gordinena" erakusten du, Rosa Martínez-Alcocer aktorearen berbetan, antzerki obra honek. "Bere bizitzaren eta izatearen alderdi desberdinak oso ondo laburbiltzen dituen kaleidoskopioa" da, aktorearen berbetan, zapatuan Durangon estreinatuko duten antzezlanaren testua. Kahloren izaeraren beste hainbat ezaugarri ere bai, baina batez ere, "pertsonaiaren ausardia, errealitate desatseginenei ere aurrez aurre begiratzeko zeukan indarra" miresten duela azpimarratu du Rosa Martínez-Alcocer aktoreak.

Mexikarrez idatzitako testua bere egiteko Rosa Martínez-Alcocerrek erakusten duen abilezia goraipatu dute Obregón zuzendariak eta antzezlaneko zuzeneko musika jotzen duen Fran Lasuenek. "Naturaltasun osoz esaten du testua mexikarrez, bizi egiten duelako gidoiko berba bakoitza", azpimarratu du Martínez-Alcocerrek 15 urte zituenean bere antzerki irakasle izan zen Obregónek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!