Vaivén konpainiaren obra berrian dihardute Sagardoy eta Torregrosa durangarrek

Anboto 2016ko ira. 14a, 09:00

Donostiako Larratxo kulturguneko pabilioi bat II. Mundu Gerrako umezurztegi bihurtu du Azken trena Treblinkara antzezlan berrian Vaivén konpainiak. Umezurztegia irudikatzeko, literek, mahaiek eta aulkiek osaturiko eszenografia sortu dute Larratxo kulturgunean. Han dihardute antzezlaneko bederatzi aktoreek lanean, tartean Eneko Sagardoy eta Alfonso Torregrosa durangarrek ere, eta bertan estreinatuko dute antzezlana, urriaren 1ean.

Obra ikustera doana istorioaren barruan kokatuko dute espazio horretan, “ahalik eta hurbilenetik bizi dezaten II. Mundu Gerrako istorio hura”, kontatu du Sagardoyk. Oharra egin du, baina, Sagardoyk: “Trankil egon daitezela nire moduko beldurtiak: inork ez du eszenara irten beharko”.

Urriaren 21era arte agertoki horretan eskainiko dute Azken trena Treblinkara. Astean zehar, euskarazko bertsioa eskainiko diete ikastetxeetatik obra ikustera doazenei, eta asteburuetan, sei emanaldi eskainiko dituzte publiko orokorrarentzat: bi euskaraz (urriaren 2an eta 16an) eta lau gaztelaniaz.

Madrilen bizi den Alfonso Torregrosa durangarrak antzezten du obraren gaztelaniazko bertsioaren protagonistaren papera. Pertsonaia erreal baten azaletik dihardu Torregrosak: 1942an, Varsovian, ume juduentzako umezurztegien zuzendari izan zen Janusz Korczak mediku eta pedagogoa da. “Haurren Errepublika” izenekoaren sortzailea izan zen Korczak, hainbat adar pedagogiko alternatiboren sorburu izan dena.

Sufrimendura hurbildu
Eneko Sagardoyk azpimarratu duenez, antzezlanean Torregrosaren pertsonaiak esaten dituen berba guztiak Korczak-ek benetan esan edo idatzitakoak dira. “Oso istorio hunkigarria da, benetan gertatu zena: benetan existitu ziren umezurztegi horiek, ume haiek benetan bizi izan zuten kontatzen dugun hori dena, eta benetan hil zituzten”. Sagardoyk dio, aktore moduan izan duten erronkarik handienetako bat sufrimendu hartara ahal beste hurbiltzea izan dela, horrela ikuslegoari ahalik eta ondoen helarazteko historiaren parte den istorio hori.

Daniel izeneko 22 urteko gaztea da Eneko Sagardoy antzezlanean: “Oso pertsonaia txikia, baina momentu oro eszenan dagoena”. Umezurztegiko pedagogia humanistaren eta errealitatearen arteko koherentzia eza bistaratzen du Danielek: “Zuek ideia polit horiek guztiak dauzkazue, baina gerran gaude, eta gu ere eraman egingo gaituzte gas kamerara”, esaten du.

Antzezlanak kontatzen dituen gertakariak oso dramatikoak izan arren, antzezlaneko protagonistarik gehienak umeak izanik, Azken trena Treblinkara lanean umoreak ere baduela lekurik azaldu du Sagardoyk: “Umeen argitasuna beti dago presente istorio honetan”.

Vaivén taldeagaz, besteak beste, Ana Pimenta, Mireia Gabilondo, Jose Ramon Soroiz edo Alfonso Torregrosa lankideekin, martxoan bi astez Madrilen egongo da Eneko Sagardoy, eta Euskal Herriko hainbat aretotan ere eskainiko dute Azken trena Treblinkara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!