Kolonbian eta Gasteizen sorturiko doinu jamaikarrak, Plateruenan

Anboto 2016ko ira. 9a, 12:50

Duela ia bi hamarkada sortu zuten Alerta Kamarada taldea, Kolonbiako Bogota hirian

Reggae jaialdi bat hartuko du Durangoko Plateruena kafe antzokiak, lehenengoz, bihar. Alerta Kamarada kolonbiarren eta Kultura Roots Band gasteiztarren kontzertuekin hasiko da Durangoko reggae jaialdia, 20:30ean, eta DJ bat jardungo da, ondoren, 60ko hamarkadan Jamaikan sorturiko musika estiloko kantak jartzen.

Abuztuan, besteak beste, Benicassimgo Rototom jaialdian eta Alemaniako hainbat hiritan aritu eta gero etorriko da Alerta Kamarada Bogotako taldea Plateruenean jotzera. Hain zuzen ere, udan Europan zehar egin duten bira hori amaitutzat emango dute Alerta Kamarada taldekoek biharkoagaz.

‘Love is in da house’
Ia bi hamarkada daramatza Alerta Kamaradak reggae doinuekin Kolonbia eta Hego Ameriketako jendea dantzarazten, eta Love is in da house izenburuko azken lana aurkezten dabiltza, orain. Taldearen zazpigarrena den disko hori aurkeztuko dute Durangoko biharko kontzertuan ere.

Zazpi musikarik 2015. urtean Gasteizen sortu zuten Kultura Roots Band taldeak, berriz, reggae musikaren kanta ezagunen bertsioak eskainiko ditu, Durangon, bihar: Bob Marley, Alpha Blondie, edo Godwana-renak, besteak beste.  

Durangoko Platerueneko reggae gaua borobiltzeko, DJ Bit Sound donostiarra arituko da musika ipintzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!