Hasi da 51. Durangoko Azokan parte hartzeko izena ematea

Anboto 2016ko ira. 6a, 09:54

51. Durangoko Azokan parte hartu gura duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde eta banatzaileek zein auto-ekoizleek izena eman ahal izateko epea zabaldu du Gerediaga Elkarteak. Irailaren 30era bitartean eman ahalko dute izena, www.durangokozoka.eus webgunean.

Durangoko Azokan beraien produktuak erakusgai ipini gura dituenak, hainbat aukera izango ditu; erakusmahai osoa edo erdia alokatu ahalko du, edo baita auto-ekoizpenen gunea beste hainbat ekoizlerekin partekatu.

Abenduaren 2tik 6ra ospatuko da 51. Durangoko Azoka, baina horren aurretik hainbat hitzordu zehaztu dituzte, dagoeneko: Ikasle Eguneko tailerretan parte hartu gura duten ikastetxeek irail erdialdetik aurrera eman ahalko dute izena, eta urrian, beraien lanak zuzenean aurkeztu gura dituzten sortzaileek zein Durangoko Azokan boluntario bezala lan egin gura dutenek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!