"Itsaso guztietan daude olatuak; hori bai, Indonesiakoaren modukorik ez dago hemen"

Anboto 2016ko ira. 6a, 09:01

Antzoran (Ibarrangeluan), aitita-amamen karabanan pasatu du udara txikitatik Jokin Etxebarriak (Durango, 1989). Bost urtegaz hasi zen surfean, eta hantxe bizi da gaur egun. Ogoñope surf eskolako arduraduna da, eta bisitan etortzen da Durangora. AEBetako Vissla surf markaren taldean ari da.

Free-surflaria zara zu...
Surf profesionaletik, txapelketetatik kanpo ari gara gu. Munduan barrena bidaiatuz, olatuak hartuz... Eguneroko surfa da gurea, eta momentuko baldintzen arabera surferako ohol bat edo bestea erabiltzen dugu. Surf-ohol desberdinak ditugu. Vissla sostengu itzela da; material arloan laguntzen didate.

Zenbat  surf-ohol dituzu ba?
Bospasei ditut neu eginak, eta ekarritakoak beste hainbat. 20 bat izango ditut, tabloideak, ohol asimetrikoak, gila bakarrekoak, bikoak, gila gabeak...

Zuk eginak dituzu...
Free-surferako ez dago laguntza askorik, eta foam batzuk erosita tailer klandestino bat sortu genuen lagun talde batek. Esperimentatu nahi nuen eta asmatu nuen. Itsasoan ezin hobeto pasatzen nuen surf-ohola egin nuen. Surferako aukera asko ireki zitzaizkidan orduan.

Kalifornian ere ibilia zara.
Bai. Lagun mina dudan Ryan Burch munduko shaper eta surflari ezaguna bisitatzera joan nintzen —han sortu zen Visslagaz harremana—. Aurretik Indonesian ibili nintzen, neuk egindako oholekin. Esperimentatzeko bidaia itzela izan zen.

Baduzu erreferenterik?
Kelly Slater, Andy edo Bruce Irons.... beti izan ditut erreferente. Baina, gero, denetarako inspirazio dudan surflari bat aurkitu nuen: Ryan Burch. Bere surf-oholak probatu ditut, eta izugarria da bere surfa.

Badago surfa egiteko hobea den itsasorik?
Kalifornian eta Indonesian ez eze, Kanariar Irletan edo Irlandan ere ibilia naiz; Bartzelonan ere hartu ditut olatuak. Itsaso guztietan daude olatuak, baina batzuetan baldintzak hobeak dira. Hori bai, Indonesiako olatuaren modukorik ez dago hemen. Paradisua da; perfektua, magia. Han olatu guztiak dira Mundakakoaren pareko.

Zer du, ba, Mundakakoak?
Mundu mailako olatua da, itzelezko ezkerra, hodiarekin, eta behean harea dago. Hori du berezia. Egon badaude halako olatuak, baina hondoan arrezifea dute, harria, eta askoz arriskutsuagoa da. Errekara ere badu irteera. Baina jendetza egoten da. Ez naiz asko joaten. Mundu osotik datoz. Borroka itzela dago olatuak hartzeko: egon dira ehundik gora lagun uretan.  

Zein olatu hartu gura duzu?
Mozambiken dut olatu bat begiz jota; Alaskara, Islandiara edo Kanadara ere joan gura nuke. Baina, sostengu ekonomikorik gabe oso zaila da proiektuak gauzatzea.

Udaro daude liskarrak surflari eta bainularien artean...
Gero eta gehiago. Surfa gorantz doa, eta hondartzetan surflari, surf eskola, jende... larregi dago. Elkarbiziz eta errespetuz jokatu behar dugu, eta hori transmititzen dugu surf-eskolan ere. Hala ere, badago denok zaku berean sartzeko joera bat. Dena den, surflariok urte osoan egiten dugu surfa. Hondartzak lasai daudenean.

Surfari lotuta badago halako irudi bat...Ile kolorea zurea da?
Bai! (barrez). Irudi bategaz lotu arren, bizitzeko era bat da surfa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!