Mavi Garcia: "Beldur apur bategaz nindoan Girora, baina egunetik egunera oso ondo errekuperatu naiz"

oyarbide 2016ko uzt. 19a, 09:16

2010ean korrika hasi zen, ondoren duatloiak ezagutu zituen, eta gaur egun txirrindularitzan ere badabil. Arrakastaz uztartzen dituen kirolak dira. Duatloietan munduko txapelketako podiumera igo da aurten, eta bizikletan estatuko ziklistarik onena izan da (16. tokian) Italiako Giroan.

Zer sentsazio utzi dizkizu zure lehenengo Italiako Giroak?
Oso onak. Ez nuen inondik inora emaitza hau espero. Ez erortzea eta Italiako Giroa amaitzea nituen helburu, eta pozarren nago 16. amaituta. Beldur apur bategaz nindoan, ez nekien prestakuntza nahikoa neukan edo gorputzak zelan erantzungo zidan, baina egun batetik bestera oso ondo errekuperatu naiz. Azkenengo egunean lehenengoan moduan nengoen. Ez nuen horrelakorik itxaroten.

Hasiera txarra izan zenuten. Lehen etapan Kim Le Court erori egin zen eta erretiratu egin behar izan zuen. Zuk, aldiz, hiru minutu galdu zenituen matxura bategatik.
Bai, gauzak oker irten zitzaizkigun. Amorru handia eman zidan matxurarenak. Horrelakoetan, zoritxarra ahaztu eta zerotik hasi beharra dago, bestela hondoratzeko arriskua daukazu, eta gogor saiatu nintzen.

Etapa batean Mortirolo mendatea igo zenuten. Zer iruditu zitzaizun? Esaten duten bezain gogorra da?
Bai, bai, oso gogorra da. Berriro igo behar banu beste garapen bat jarriko nuke, piñoi handiagoak. Mendate erditik gora bizikletan zutik igo behar izan nuen. Baina, biharamuneko etapa gogorragoa izan zen. Azkenean, Mortirolo igo genuenean horixe zen etapako mendate bakarra; biharamunean hainbat igo genituen.

Sare sozialetan aipatu izan duzu jaitsieretan emandako errendimenduagaz gustura zaudela. Jaitsierak zure ahulguneetako bat ziren?
Jaitsieretan hainbat eroriko izan ditut, eta beldur apur bat nuen. Kontuan hartu behar da ni ez nabilela bizikletan umetatik beste denen moduan. Bihurguneak hartzea eta bizikleta behar zenean etzatea kosta egiten zitzaidan. Baina ematen du apurka gero eta konfiantza gehiago dudala.

Gazteagotan, 17 urtera arte, patinaje artistikoan aritu zinen. Ez du gaur egungo zure jardueragaz zerikusi handirik.
Patinajea gimnasia artistikoaren antzerakoa da. Ordu askotako entrenamendua eskatzen du. Eskola orduetatik kanpora horretan ematen nuen denbora. Heldu zen une bat eskola eta patinajea besterik egiten ez nuena, eta utzi egin nuen lagunekin denbora gehiago emateko. Hurrengo sei urteetan ez nuen kirolik egin. Baina urte askoan kirola egin duenak behar hori sentitzen du. Patinajera ez nuen bueltatu gura, ez nekien ondo zer egin, eta tenisa probatu nuen. Ondoren hasi nintzen korrika.

2010a zen korrika hasi zinenean, eta 28 urte zenituen. Kirol munduan zure benetako tokia aurrerago aurkitu ez izanaren penarik baduzu?
Apurtxo bat lehenago hastea gustatuko zitzaidan, baina sekula ez da jakiten egoera horretan noraino helduko nintzen. Egin dudana bakarrik da segurua, ondo joan zait eta pozik nago.

2010etik hona egin izan dituzun kirolak gehitzen joan zara: korrika lehenengo, duatloiak ondoren, eta bizikleta azkenik.
Bai, kirola probatu eta aurrekoa utzi eta berriagaz jarraitu beharrean, denekin jarraitu izan dut; ondo moldatu izan naizenez, ba, hainbat kirol egin ditut batera. Ikusiko dugu aurrerantzean gauzak zelan datozen eta zein kirol egiten dudan gehiago eta zein gutxiago.

Urte eta erdi daramazu txirrindularitzan. Zelan hasi zinen?
Nire nebaren bitartez, Palma Mallorcakoan bizikletan ibiltzera irteten zen lagun talde batera batu nintzen. Oso arin ibiltzen ziren fama zuten. Nebak utzitako bizikleta eta zapatilak hartu, eta euren erritmoari jarraitzeko gai izan nintzen. Harrituta geratu ziren. Haietako bat txirrindulari profesionala izana zen, eta Espainiako federazioan inskribatu ninduen. Ondoren, Agurtzane Elorriagak deitu zidan.

Orain hiru hiletik hona kirolari profesionala zara, gainera. Oso-osorik kirolari emanda zaude.
Hori da. Eszedentzia dut lan batean, eta kirolari emana nago. Asko igartzen da emaitzetan. Oraindik gauzatu ez diren esponsorizazio proiektu batzuk ere hor daude, bide onetik doaz, eta gauzatzen baldin badira beste urte bian jarraitu ahalko dut gerra ematen eta nire mailarik gorenera heltzeko saiakeran.

Duatloia eta txirrindularitza entrenamendu asko eskatzen duten kirolak dira. Gatxa da bietarako prestakuntza modu bateratuan eramatea?
Lehen, nahiko ondo konpontzen nintzen zortzi orduko lanaldiagaz zein lanaldi zatituagaz. Beraz, orain, eszedentziagaz niretzat ez da arazoa. Badut denetarako astia.

Bizkaia-Durango taldean gustura zabiltza?
Oso gustura. Iaz lehenengo denboraldia zenez, kosta egin zitzaidan. Aurretik egiten nenbilenagaz alderatuta txirrindularitza erabat desberdina zen. Apur bat galduta ibili nintzen. Aurten, aldiz, oso ondo nago, denekin hartueman ona dut eta pozik nago.

Bizkaia-Durangon ikasitakoa baliogarria izaten zaizu duatloietan?
Bai. Duatloilariek, normalean, bizikletako tartea ahalik eta txukunen pasatzea dute helburu, eta ez garaipena kilometro horietan oinarritzea. Ez baitira ziklistak. Nik, orain, diferente ikusten dut: korrikan eutsi, eta bizikletan aldeak markatzen saiatzen naiz.

Munduko duatloi txapelketan hirugarren amaitu duzu aurten. Zelan gogoratzen duzu?
Ederra izan zen. Ez nuen inondik inora espero podiumean sartzea. Neu hasi nintzen taldetik tiraka, eta “eutsi arte” pentsatu nuen, eta ustekabean azkenera arte eustea lortu nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!