Bizkaia-Durango taldeko Mavi Garciak (1982, Palma Mallorcakoa) goi mailako Italiako Giroa osatu du. Top 20-an sartzea asko bada, azpimarragarriagoa izan da postu hori lortzeko modua. Balditza denetan (mendian gora, jaitsieretan, erlojupekoan…) maila ona eman du eta etapatik etapara sailkapenean postuak irabazten joan da.
Lehenengo etapak Giro konplikatua iragartzen zuen Durangoko taldearentzat. Kim Le Courtek itzulia utzi behar izan zuen eroriko batengatik eta Garciak hiru minutu galdu zituen arazo mekanikoek eraginda. Baina aurkakotasun horrek ez zituen bere ilusioa eta indarra apaldu. Mortirolo mendateko etaparen ostean 26. zegoen. Hurrengo egunean, Giroko etaparik gogorrenean eta txirrindulariak sakabanatuta zihoazela, asko sufritu zuen azken 50 kilometroetan, baina hortzak estutu izanak bere saria izan zuen eta 19. kokatu zen. Hurrengo eguneko erlojupekoan postu horri eutsi zion eta azken etapan 16.era arte salto egin zuen.
Aurten errepideko Espainiako Txapelketa irabazi du Mavi Garciak eta erlojupekoan brontzea lortu du. Datorren asteburuan Espainiako Kopako azken proba lehiatuko du; bosgarren dago sailkapenean.
Italiako Giroan parte hartu duen taldea (Argazkia: Bizkaia-Durango)
Mavi Garcia 22 kilometroko erlojupekoa amaitu ostean (Argazkia: Bizkaia-Durango)
Kim Le Courtek min hartu zuen lehen etapako eroriko batean (Argazkia: Bizkaia-Durango)