Oier Andueza durangarraren kartzelako margo, leiho eta ihesak

Anboto 2016ko uzt. 5a, 09:16
Oier Andueza durangarrak preso dagoela egindako margolanek osatzen dute erakusketa.

Hamabost urte preso daramatzan Oier Anduezaren (Durango, 1975) margolanen erakusketa zabalduko dute, gaur, Durangoko Museoan. Musika, hitza eta bertsoa izango dira inaugurazioan: Hanneke taldeak ipiniko du musika, eta Oihana Etxegibelek, Ibon Belokik, eta Eneko Abasolo Abarkasek ere parte hartuko dute.

2001ean atxilotu zuten Andueza, eta Espainiako hainbat kartzelatan eman dituen urteotan garatu du margogintzarekiko zaletasuna. “Irakaslerik eta apenas materialik gabe”, bere kabuz landu du zaletasuna. “Pastel barrak, bere atzamarrak, paperen bat eta zotz bat” baliatu ditu, erakusketaren katalogoan azaltzen denez. Burua kartzelatik askatzeko bidea izan du Anduezak margotzea: “Eskuetan margoak hartzen ditudanean, espetxetik ihes egiten dut”, dio durangarrak.

Erakusketaren katalogoan esaten denez, jendea margotzea da Oier Anduezak gustukoen duena, eta erretratuak dira Margoak. Leihoak. Ihesak erakusketako gehienak.

Uztailaren 17ra arte egongo da erakusketa ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!