Bizkaia-Durangok Italiako Giroa hasi du gaur: "Poztasunen bat eman dezakegula badakigu"

Anboto 2016ko uzt. 1a, 14:45

Gaur hasi da Gaiarine herrian 27.en Emakumeezkoen Italiako Giro Internazionala, eta bertan da, beste behin, Bizkaia-Durango. Euskal taldeak, UCI Women’s WorldTour egutegi berriko lehenengo itzulia izango du, egutegiko itzuli nagusia.

Hamar eguneko itzulia izango dute Giroan txirrindulariek, atariko erlojupeko batekin, zortzi etapekin eta erlojupeko luze batekin. Talde bizkaitarrak, lehiakorra izateko asmoa duen seiko indartsu bat darama.Momentu honetako Espainiako txapelduna, Mavi Garcia, izango da talde burua mendiko etapetan, eta ondoan izango ditu, Lourdes Oyarbide eta Lierni Lekuona euskaldunak —Giroan debuta egingo dutenak—, Kim Le Court, Lise Olivier hegoafrikarra eta Roos Hoogeboom herbeheretarra.

Agurtzane Elorriagak Bizkaia-Durangoko zuzendariak —Denis Gonzales eta Jon Elorriagarekin batera talde durangarraren gidaria Giroan— adierazi duenez, "seiko indartsua daramagu, poztasunen bat eman dezakegula badakigu eta etaparen baten lehian ibiltzeko helburuarekin goaz". Elorriagaren ustez, "seirak maila onarekin doaz, egiten dugun talde lana ona izaten da eta ahalik eta aurreren egoteko borrokatu beharko dugu; gure helburua Giro honetan, maila honetako gainontzeko lasterketetan bezala, taldeari presentzia ematea da".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!