Romerok urrezko lau domina eta errekor berria Espainiakon

Anboto 2016ko uzt. 1a, 11:30

Jose Luis Romero atleta durangarra (Durangaldea Running) urrezko lau dominagaz eta errekor bategaz itzuli da joan zen astebruan Elxen jokatu zen pista irekiko Espainiako beteranoen txapelketatik.

Aurten estreinako denboraldia du Master 70 mailan eta, aurreko mailetan moduan, honetan ere luzaro iraun dezakeen lorratza uzten ari da. 100, 200 eta 400 metroko probetan eta 300 metroko hesidun proban lortu zituen urrezko dominak. Beti ondo prestatuta, txapelketan, benetako orduan heltzean, bere maila gorena emateko kapaz dela erakutsi zuen beste behin.

Gainera, azken horretan, errekor berria ezarri zuen: 50.12an osatu zituen 300 metroak. Horrela, marka berri bat lortu du M70 urtean ari den estreinako denboraldian.

Domina bildumagilea
Elxen jokatu dutena pista irekiko txapelketa izan da. Orain hilabete gutxi, pista estalikoak izan ziren Malagako Antequera herrian, eta orduko hitzordu hartan ere dominen zakua ondo beteta ekarri zuen. Romerok parte hartu zuen hiru probetan urrezko dominak kolkoratu zituen: 400, 200 eta 60 metroko probetan, hain zuzen. Gainera, lehenengo bietan ordura arteko markak apurtzea lortu zuen, proba bikainak osatu ostean.

400 metroko proban hiru segundotan hobetu zuen aurreko marka, eta gaur egun bereak dira 400 metroko Espainiako errekorrak 55 urtetik aurrerako Master maila denetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!