Ane Ibarzabal: "Audientzia oso garrantzitsua da, baina ezin gara horregaz itsutu"

Anboto 2016ko uzt. 2a, 10:00
Argazkia: Dani Vegal/Mediaset-España

Telecinco kanaleko goizeko albistegia gidatzen egindako lanagatik Zilarrezko Antena jaso du Ane Ibarzabal kazetari durangarrak. 02:00etatik 09:00etara egiten du lan; atzekoz aurrera bizi da. “ Ez da erraza, baina, aukera handia da niretzat. Asko ari naiz ikasten”.

Nola jaso duzu saria?
Asko harritu ninduen, ez nuen espero, inolaz ere. Twitter bidez aipamenak heltzen hasi ziren, eta pentsatu nuen: “nik sari bat? erratu egin dira!”. Gerora, jakinarazpena jaso nuen. Hala ere, eskuan izan dudan arte ezin sinetsi! Oso pozik eta esker oneko nago. Ilusio handia egiten dit lankideek nire lana aitortzea.

Hamar urte egin dituzu Madrilen telebistan lanean. Denetarik egitea tokatuko zitzaizun.
CNN+ kanalean hasi nintzen, Cuatron gero, eta orain Telecincon nabil. Denetarik egin dut: bideoak, zuzenekoak, erreportajeak, albistegiak aurkeztu, ekonomia saioak, kirolak, bereziak... Oinarrian, ikasi eta ikasi egin dut; eta, geratzen zaidana!

Madrilen puri-purian dago gaurkotasuna. Nola bizi duzu?
Gustatzen zait. Madrilen egosten delako dena. Bizitza politikoak, judizialak... hau du kokaleku. Gure etorkizunean eragingo duten erabaki asko hartzen dira hemen.

Nor da politikari edo pertsonarik mediatikoena? Kamera jaten duen horietakoa?
Ez nuke jakingo esaten. Alderdi berriekin telebista platoetan zaildutako lider berriak sortu dira, oratoria abilezia gehiago dutenak. Dena den, uste dut ez dagoela, karisma edo enpatiagatik, edota jendetza mobilizatzeko duen gaitasunagaitk bereziki nabarmentzen den politikaririk.

Iritzi publikoan duzun eraginaz jabetzen zara?
Ez dut inolako asmorik horretarako. Kazetaria naiz. Istorioak kontatzea da nire lana, gertatzen dena ahalik eta erarik zorrotz eta objektiboenean kontatzea. Ikusleak informatuta egoteko eskubidea izan dezan, eta bere iritzia landu dezan.

Nola ikusten duzu Madrilen Euskal Herriko egoera?
Zorionez, denbora bat da Euskal Herriak ez dituela elkarrizketa guztiak ardazten, ez dituela egunkari nagusien azalak betetzen. Albiste ona da nire herriaz horrenbeste ez hitz egitea.

Bokazioz zara kazetari? Beti nahi izan duzu telebistan aritu?
Bai, hala da. Munduko ofiziorik politena dut, gehien betetzen nauena. Ezingo nuke beste ezertan lan egin. Ez da beti erraza izan. Denok moduan, une gogorrak bizi izan ditut, baina hau da benetan gustatzen zaidana.Telebistan lan egin gura izan dut zentzua dudanez geroztik.

Pertsona publikoa izateak zure bizitza pribatuan eragin du?
Ez da ezer aldatu. Nire bizitza neurea da: metroa eta autobusa hartzen ditut, betiko jendea dut inguruan... Ez dut neure burua pertsona ezaguntzat. Beste edozein lanbide lakoa da nirea, garrantzi publiko handiagoa duena. Besterik ez. Gura ez baduzu, ez zara aldatzen.

Platoa ala kalea duzu nahiago?
Ama edo aita, zein maite duzun gehiago galdetzea lakoa da hori. Ezingo nuke aukeratu. Bai platoan bai kalean zoriontsua naiz, eroso sentitzen naiz bietan. Albistea dagoen tokian zaudelako gustatzen zait kalea. Hortxe ari da gertatzen dena, eta jende eta istorio asko ezagutzen dituzu. Bidaiatu egiten duzu. Baina, izugarri gustatzen zait platoko adrenalina, bi ordu eta erdiko zuzeneko albistegian bizi den tentsio informatiboa.

Korrespontsal moduan aritzea gustatuko litzaizuke, ezta?
Bai. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuenean, ametsetako bat nuen korrepontsal izatea, Erroman. Vatikanoa atzean nuela zuzenekoak egiten ikusten nuen nire burua. Batek daki!

Zein albiste aurkeztea egin zaizu gogorren?
Zoriotxarrez, albiste txar asko daude, eta kazetariok kontatzeko betebeharra dugu. Itzela iruditzen zait, adibidez, errefuxiatuen drama, eta nola Europak beste aldera begiratzen duen, autoritateen ekintza falta... Biolentzia matxista kasuak ere bai. Zerbait ari gara txarto egiten gizartean gizon batek pistola hartu eta emaztea hiltzeko. Hor dira Estatu Islamikoaren atentatuak ere. Halako gertaerak kontatu behar dituzunean lan egitea zaila da, baina, indarrak atera behar dira, eta egin.

Nola bizi duzu audientzien gerra? Non dago marra gorria?
Audientzia oso garrantzitsua da, horrek kendu edo ipintzen gaitu, baina ezin gara horregaz itsutu, horren menpe bizi, ez dago-eta norberaren  esku. Egindako guztian grina jarri behar da, egunero gogor lan egin, eta pozik sentitu, hori  guztia transmititu egiten da-eta. Gainontzekoa ez da zure kontua.

Durango eta Madril artean bizi zara. Ohitzerik badago?
Ez dago ohitzerik maletari lotuta bizitzera familia ikusteko. Gurago nuke gertu izatea. Baina, hiru ordu eta erdira etxean nago. Gaur egun Madrilen dut bizimodua. Bihar, batek daki.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!