BIBE azokak bigarren aldia egin du asteburuan Durangoko Landako Erakustazokan. Lehenengo aldia Bilbon izanda, handik irtetea “desafio bat zen guretzako” onartu du azokako zuzendari Jose Bonillak. 15.000 bat lagunek bisitatu dute azoka hiru egunetan: “Gure aurreikuspenak bete ditugu. Landako Erakustazoka ehuneko ehunean betetzeak eta jendearen aldetik jaso dugun erantzun onak Durangogaz egin dugun apustuan berresten gaitu”.
Aurten lehenengoz BIBE Transbizkaia iraupen luzeko bizikleta martxa ere antolatu dute. Durangon hasi eta Urkiolako Santutegian amaitu zen zapatuan, 180 kilometro eta sei mendateren ostean: “Lehenengo aldia eta hain exigentea izanda ia 400 parte hartzaile izatea garrantzitsua da. Hurrengo aldian mila lagun baino gehiagok parte hartuko duela uste dugu. Jende askok eskatu diguna da 120 bat kilometro izango lituzkeen iraupen erdiko proba bat antolatzeko”. Proba aurrera irten zedin lanean aritu direnekin ere gogoratu da: “Duranguesa txirridulari elkarteagaz ez dut ahaztu gura. Euren esperientzia funtsezkoa izan da probaren arrakastarako”.