Unai Agirrezabal eta Gaizka Lopezek irabazi dute Peter-en oroimezko pilota txapelketa

Anboto 2016ko eka. 20a, 17:42

Txapelketako irabazleak.

Durangoko pilota elkarteko gaztetxoek bertatik bertara jarraitu zuten beren irakasle Unai Agirrezabalen erakustaldia.

Zapatu arratsaldea esku pilotaren inguruko jai handia izan zen Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Durangoko pilota eskolako eta Peter-en Oroimenezko txapelketako finalak jokatu zituzten bata bestearen atzetik. Peter-en oroimenezko final nagusian pilota eskolako gaztetxo denen animoak Unai Agirrezabalentzat izan ziren. Beren maisua irabazten ikusi gura zuten. Eta irakasleak ez zien hutsik egin; aurretik gaztetxoen errespetua irabazita baldin bazuen, aurrerantzean euren miresmena ere izango du. Partidu bikaina jokatu zuen: gutxi galdu eta asko amaitu. Gaizka Lopez ortuellarrak eta biek 22-18 menderatu zituzten  Jon Legorburu eta Edorta Bilbao.

Bigarren mailako finala Gardokik eta Arrasatek irabazi zuten Atutxa eta Freitasen aurka: 22-14. Iker Gardoki gernikarrak Durangoko pilota eskolan jokatzen du aspalditik. Partidu luzea izan zen. Laurak jo eta jo aritu ziren. Inork ez zuen arriskatu nahi. Gutxien galdu zuenak irabazi zuen finala.

Durangoko pilota eskolako finaletan, berriz, honako hauek izan ziren irabazleak: Liher Nogueiras benjaminetan, Gorka Sagarna umeen B mailan eta Sergio Areitio umeen A mailan.

Astelehenan kirol anitzeko (atletismoa, belodromoa, hondartza, igerilekua, pilota…) kanpusa hasiko du Duragoko pilota eskolak eta 123 gaztetxok parte hartuko dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!