Ibon Azueta:"Esprinta uste genuena maratoia da; gero zer gertatuko den ez dakigu"

Anboto 2016ko eka. 17a, 17:00

Ateak ixtera noiz etorriko diren ez dakitela ospatuko du 30. urteurrena Intxaurrek, eta urteotan zabalik mantendu duten guztiei eskerrak eman gura dizkie: izan zirenei eta direnei, hemen daudenei eta kanpoan daudenei, bezeroei...

Dena prest urteurren jairako?
Maialen Bildosola: Ia-ia. Guztientzako egitarau xumea prestatu gura izan dugu.
Ibon Azueta: Denbora askorik ere ez dugu izan. Bizitako egoerak ere horretara eraman gaitu. Ez dakigu noiz etorriko diren-eta Intxaurre ixtera.

Azken urteurrena izan daiteke hau. Nola bizi duzue egoera?
I.A.:  Bizi dugu. Epaia eman zutela 16 urte dira, baina, oraindik ez da gauzatu. 2000. urtetik gaude itxiko duten zain. Ohitu ere egin gara, zelanbait. Egunero-egunero zabaltzen du Intxaurrek atea. Ez gara konturatzen, baina, hori asko da, eta jende piloari esker da posible. Bestela, itxita legoke duela 16 urte. Ixtea erraza da, zabaltzea da zaila.
M.B.:  Blokeo egoera batean ere sartzen zara. Edozer gauza egiteko ere mugatuta gaude.

Intxaurre itxita, zer galduko du Durangok?
I.A.: Askorentzat erreferente bat dena. Baina, askotan, gertatu arte ez gara galdutakoaz jabetzen. Ez dugu sinisten. Esprinta uste genuena maratoia da. Gero zer gertatuko den ez dakigu.
M.B.:  Egoerari nola aurre egin izan da gure ardura; ez genuen bigarren aukera posiblerik gogoan. Ez genuen sinestu gura gertatzen ari zena.

Intxaurren 25 urtetik gora egin dituzu, Ibon. Kontatzeko moduko pasarterik?
I.A.: Asko! Bat kontatzekotan: eguneko irabaziak banketxera eraman gabe tabernan gordeta uztea erabaki zuen batek. Biharamunean, txokora bazkaltzera etorri zirenek, dena prestatzen ari zirela, usain arraroa sumatu zuten.... erre usaina zetorren labatik! Erretzen hasita zegoen han gordetako dirua. Diru askotxo zen, baina, ez zen ezer galdu!

Parrandarako ohiturak aldatu dira urte hauetan guztietan?
I.A.: Ohiturak aldarazi dituzten faktoreak eman dira. Ez dago dirurik! Aukera emanda, buelta emango luke egoerak. Adin batetik gorakoak badabiltza, ordu jakinetan. Nik bai, baina, 16 urteko gazteek ez dute Goienkale urte goreneetan ezagutu. Batera eta bestera mugitzen dira orain ere, baina, garestia dela diote:  jakina! Nik neuk ere ez dut   ‘Kubalibretara’ poteatzen.
M.B.:  Urte goren haien azkenak ezagutu nituen nik. Gazteagoak ez ditut Goienkalen ikusten.

Txosnaguneko eskarien ardura duzue jaietan. Nahikoa lan...
I.B.:  Ez! Lan bakoitzak berea du. Kokapena dela-eta sortutako tirabirak eta udalagaz hartuemanak dira gogorrak.
M.B.: Elkarte bakoitzak bere ardura du. Udalagaz harremanak izaten dira tirabiratsuak.

Beharrezkoa da txosnagunea?
M.B.: Bai. Badaude txosnetara baino ez datozenak. Adin guztietarako egun osoko egitaraua eskaintzen du.
I.A.: Beste eredu bat da, inori kalte egiten ez diona. Zentzugabea da sortzen den zurrunbiloa. Eztabaida artifiziala da. Txosnak kentzeko nahi bat dago, eta ez bakarrik Durangon.

Biok egin duzue lan sukaldean eta tabernan. Zer nahiago?
I.A.: Sukaldea! Gustatzen zait. Gainera, haserretzekotan zartaginagaz haserretuko naiz, eta ez bezeroagaz. 20 urtetik gora egin ditut tabernan, eta psikologo izateaz kokoteraino bukatu dut. Oso ondo nago zartagin eta lapikoekin bakarrik.
M.B.: Taberna! Psikologo izatea gustatzen zait (barrez). Nekosoa da, baina jendeagaz hartuemana gustatzen zait. Sukaldean bakarrik zaude. Zoratzekoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!