Uribarri Barrutieta (1997, Durango) gaur gauean irtengo da Kazan-erantz (Tartaristango errepublika, Errusiako Federazioa). Partiduak asteburuan dira. Espainiako selekzioak Portugal, Ukrainia eta Erresuma Batua izango ditu aurkari ligaxkan.
Durango Rugby Taldeko jokalariak iaz ere Europako Txapelketa jokatu zuen, baina 18 urtez azpiko selekzioagaz. Aurten 19 urtegaz, maila absolutuko selekzioko partaide izango da. Orain aste bi deitu zioten. “Sorpresa” izan zela dio eta ez zuela “inondik inora” espero. Bere ikasketetako azterketak aurreratu egin behar izan ditu selekzioagaz joan ahal izateko: “Aste bi gogorrak izan dira, baina zerbait nahi baduzu… borrokatu beharra dago”.
Iaz partiduetako asko titular jokatu zituen, baina aurten argi du jokatzea bera ere oso zaila izango dela: “Aurten askoz gatxagoa izango da. Taldea eginda dute eta urte osoa batera daramate. Baina beti izan behar da esperantza. Jokatzeko ditudan aukerarik badut eurak ahalik ondon aprobetxatzea da nire helburua eta etxera sentsazio onekin bueltatzea”.
Errugbi zazpiko txapelketa izango da. Izan ere, Rioko Joko Olinpikoetan zazpiko errugbia lehiatuko dute. Datorren astean olinpiar-aurreko partiduak jokatuko dituzte.