Zesta berpizteko jaio den zirkuitu berria Durangoko pilotalekuan bataiatuko dute zapatuan

Anboto 2016ko eka. 8a, 13:50

Gaur aurkeztu dituzte Durangoko finalak udaletxeko udalbatzar aretoan.

Xistera Zirkuituko lehenengo finalak jokatu dituzte Durangoko Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan; bi gizonetan eta bat emakumeetan.

Zestaren historian lehenengoz Euskal Herriko klubak elkargo batean batu dira helburu bakarragaz: Zesta berpiztea. Bide horretan, harrobia eta zesta eskolei laguntzea ezinbestekotzat jotzen dute. Helburu horren emaitzetako bat Xistera Zirkuitua da; afizionatu eta gazte mailako pilotariei partiduak jokatzeko aterki egonkor, iraunkor eta artikulatu bat eskainiko die. Eta jaio berri den proiektu anbiziotsu hori Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan bataiatuko dute zapatuan, Xistera Zirkuiko lehenengo finaletan.

Joan zen asteburuko kinieletan erabaki zituzten zapatuan, 18:00etan, hasiko den jaialdiko finalistak. Emakumeetan Eneritz Lizardik eta Jane Arreitunandiak Nahia Calvo eta Izaro Arberen kontra jokatuko dute. Gizonetan  eta nagusietan Kosme Agirre eta Julen Del Rio Antxon Alberdi eta Edu Susoren aurka, eta gazteetan Aitor Mancisidor eta Txomin Bereziartua Unax Vidal eta Xabi Arrizabalagaren kontra.

Batasuna, bide bakarra

Ibon Urreisti xistera elkargoko presidenteak proiektu berrian zesta klub denak batu izana azpimarratu du: “Guztiak asmo bakarrarekin batu dira: Zesta berpiztea”. Euskal Herriko Pilota Federazioko presidente Patxi Jauregirentzat ere “batasuna da aurrera egiteko modu bakarra”. Lehen urrats hori zestan "erreferentea" izan den Durangon ematea ere balioetsi du.

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak adierazi zuenez, pilotan hain tradizio handia duen herriak “poztasun handiz” hartuko du etorkizunera begirako egitasmoaren finala. Gainera, Xisterak, Durangori buruzko erreportaje bat egin du alkatearen eta zesta puntagaz lotura handia daukaten hainbat pertsonen adierazpenekin. Erreportaje horretako laburpen bat gaurko prentsaurrekoan erakutsi dute.

Finalak streaming bidez jarraitu ahalko dira www.xistera.eus webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!