Kaixo denoi,
Beste ezeren aurretik, Ainhoa Mendo da nire izena eta denbora honetan guztian jasotako maitasun eta solidaritatea eskertu gura ditut.
Gogorra izan da, ezin dut kontrakorik esan, baina eramangarriagoa da babestuta sentitzen zarenean. Eskerrik asko, benetan.
XXI. mendean, berdintasunari buruz hainbeste berba egiten denean, gure bizitza laborala eta familiarra bateratzea nahi izateagatik oraindik zigorra jaso beharra onartezina da; eta, gainera, gehienetan emakumeak gara horrelako egoerak pairatzen ditugunak.
Nire kasuan, egoera are konplikatuagoa da, nire alabak Angelman Sindromea duelako eta horregatik, bere adineko beste ume batek baino dependentzia handiagoa du. Nire alabari ordu gehiago eskaini behar nizkiola erabaki nuen, berak behar duelako, baina baita nik nahi dudalako eta berak merezi duelako ere.
Justizia egin da eta sekula kaleratua izan beharko ez nukeen lanpostuan berriz hartu naute azkenean.
Denoi eskainitako babesa eskertuz amaitu gura dut, zuen solidaritatea ezinbestekoa izan delako prozesu honetan guztian. Angelman Sindromea elkarteari eskerrak ematen dizkiot beti hor egon delako, baita Andereak, Bilgune Feminista, Geu Be, Ernai, Sorginola, Zapaburu, Zelaieta Eskolako Guraso Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Batukandra, Mendibeltz, Erreharria, Atara Zarata antzerki taldea, LAB, ELA, CCOO, EHNE, STEILAS, ESK eta CNT-ri ere, eta baita babesa eskaini eta interesa erakutsi duzuen enpresa pribatu eta alderdi politikoei ere. Baina batez ere, zuoi guztioi, etortzeagatik, sare sozialak astintzeagatik, arduratzeagatik, irainduak sentitu zaretelako, aserretzeagatik eta solidaritateagatik.
Eskerrik asko,