Apiril erdian, Ainhoa Mendo Gran Hotel Durangoko langileak lan orduen murrizketa eskatu zuen Angelman sindromea duen bere alaba zaintzeko. Enpresak denbora eskatu zion, berregituraketa batean zeudela argudiatuta. Handik egun batzuetara, maiatzaren 9an, Mendok “kaleratze-gutuna jaso zuen”. Halaxe salatu zuten astelehenan LAB-ek eta Angelman Sindromea Elkarteak deitu eta beste hainbat eragile batutako prentsaurrekoan.
Hoteleko arduradunek egoera bideratzeko borondatea erakutsi zuten hurrengo egunean eta gaur arratsaldean alde bien arteko batzarra eman da. Batzar horretan adostu denez, hoteleko arduradunek Mendo berriz hartuko dute. Gainera, maiatzaren 9tik —kaleratze gutuna jaso zuen egunetik— berronartzea adostu dute; hau da, atzeraeraginezko ondorioekin. Kaleratze gutuna jaso aurreko lan baldintza berdinetan bueltatuko da, baina hoteleko arduradunak jakitun dira lan ordu murrizketa bat beharko duena, bere egoera pertsonala lanagaz uztartzeko.
Ahozko adostasun horretara heldu ziren atzo arratsaldeko batzarrean. Orain hori guztia dokumento batean idatziz jasoko dute.