Epaiketaren kostuak EAJk ordaintzea exijitu dute, 'Ez nire diruarekin' lemapean

Anboto 2016ko eka. 1a, 15:53

Alkateak informazio bat ez emateagatik epaitegira jo zuen Iker Urkizak (EH Bildu), eta epaileak arrazoia eman zion. Epaiketaren kostua diru publikotik ez ordaintzea eskatu diote gobernuari.

EH Bilduko Iker Urkiza zinegotziak udaleko 14 dokumentu eskatu zizkion Aitziber Irigoras alkateari, gehienak egoera ekonomikoagaz lotutakoak. Baina, alkateak ez zizkion eman, eta Urkizak epaitegietara jotzea erabaki zuen, bere informazio eskubidea urratu zelakoan. Epaileak arrazoia eman dio, eta dokumentuak emateko aginduaz aparte, epaiketaren kostuak, 5.500 euro, udalaren esku utzi ditu. EH Bildu eta Herriaren Eskubideak uste dute kostu horiek ez direla udal aurrekontutik atera behar, udal gobernuak bere gain hartu behar dituela baizik. "Zergatik ordaindu behar dugu durangar guztiok alkateak galdutako epaiketa baten kostua? Ez du interes orokorra defendatu", esan du Dani Maeztuk (EHB). Julia Pereraren ustez, "larria" da informazioa ukatzea. "Jendeak jakin egin behar du gauzak zelan egiten diren udalean". Ondorioz, kanpaina bat egingo dute Ez nire diruarekin lemapean, eta herritarrei ere kostuak gobernuak ordaintzea exijitzeko eskatu diete. Internetera argazkiak igotzea proposatu dute, #EzNireDiruarekin traolagaz.

Erantzunik ez
Gaia martitzeneko osoko bilkurara eraman zuten, baina EAJ eta PSE-EEk ez zioten erantzunik eman oposizioko alderdien galderari; PPk ere ez zuen ekimena babestu. Goiztidi Diazek (EAJ) eta Pilar Ríosek (PSE-EE) adierazi zuten gobernutik E-administrazioa ekimenaren aldeko apustua egin dutela, eta horri esker, herritarrek eskura edukiko dituztela udaleko agiri eta informazio guztiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!