Durangoko Tabiran jokatutako azken fasean, Zamudio kanporatu zuten finalerdietan (82-68), eta finalean Sestao baino gehiago izan ziren: 78-55. Sendo eta serio aritu ziren partidu bietan, eta talde handiek erakusten duten nagusitasunagaz irabazi zuten. Finalean Sestao hortzak erakusten saiatu zen aldi bakanetan, baina Durangoko taldeko Onaindia, Iparragirre edo Vazquezen saskiratzeek, besteak beste, urak bere bidera ekarri zituzten segituan. Anbotopekok aitzakiarik gabeko garaipena lortu zuten, eta etxean eta zaleen aurrean jaso zuten taldearen historia are gehiago aberasten duen garaikur berria.
Urteurren bazkaria
40 urteko ibilbidean jokalari askok jantzi dute Anbotopekoren kamiseta, eta denen ahaleginagaz heldu da gaur egunera arte. Horrela, apirilaren azkenetan oraingo eta lehengo jokalariak bazkari batean batu zituzten: guztira, 72 lagun elkartu ziren Durangon. Taldea sortu zuten lagun batzuk izan ziren tartean. Sasoi batean Anbotopekok emakumeen talde bat ere izan zuen, eta talde horretako jokalari batzuek ez zuten hutsik egin hitzordura: “40 urtean jende asko igaro da taldetik eta gatxa da danekin hartuemanetan jartzea, baina gehienak enteratu ziren, eta ahal zuena etorri zen. Oso egun polita igaro genuen”, gogoratu du Gudiker Alberdi Anbotopekoko gaur egungo presidente eta jokalariak.