Gaur abiatuko dute Durangoko Euskal Astearen programazioa

Anboto 2016ko mai. 20a, 11:20

Euskal Astea antolatzen duten elkarteen ordezkariek aurkeztu zuten programazioa joan zen eguenean

Gaur hasi eta ekainaren 22ra arte, kultur eta kirol ekitaldiz eta euskal folklorearen erakustaldiz beteko du XIX. Euskal Astearen programazioak Durango.

Udalaren babesagaz programazio hori osotu duten 28 elkarte eta ikastetxeen ordezkariek aurkeztu zuten aurtengo egitaraua, joan zen eguenean, udaletxean. Iaz baino hiru elkarte gehiagok parte hartu dute aurten programazio horren antolakuntzan.

Kirol ekintza batek zabalduko du egitaraua: eskolako haurren esku pilota txapelketak, hain zuzen ere. Gaur hasiko dira partiduak jokatzen, 18:00etan Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Bestalde, VII. Peter Memoriala ere gaur hasiko da: jaialdi horren final laurdenak jokatuko dituzte, 19:30ean.

Dantza eta musika izango dira nagusi asteburuan. Euskal Asteko dantzen jaialdiaren lehenengo emanaldia bihar izango da. Zuberoako Muskildi herriko taldea eta Durangoko Tronperri Andra Mariko elizpean arituko dira, 19:30ean. Domekan, 12:30ean, Durangoko Andra Mariko elizpean euskal dantzak izango dira ikusgai: Donostiako Goizaldi, Gasteizko Adurtza, Donibane Garaziko Garaztarrak eta Agoizko dantza taldeak arituko dira.

Arandoño kultur elkarteak antolaturiko kontzertua izango da domekan, Kurutzesantu Museoan: Gerardo Rifón eta Francisco Herreroren organo eta biolin kontzertua.

Asteburu honetan hasi eta hilabetez luzatuko da Durangoko Euskal Astearen programazioa. Ekainaren 18an izango da azken hitzordua: hasi zen bezala amaituko da programazioa, esku pilota partiduekin.

Bat-bateko bertsolaritza utzi berri duen Xabier Amuriza eskertzeko Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu duen Emaidazue freskura jaialdia ere badago Euskal Astearen egitarauaren barruan:  Plateruenean izango da jaialdi hori, ekainaren 17an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!