Julen Ozaetak Europako Tontorrak traila irabazi du

Anboto 2016ko mai. 16a, 17:35

Julen Ozaeta erdian, podiumaren gorenean.

Julen Ozaetak (1986, Durango) Europako Tontorrak 32 kilometroko traila irabazi eta aurreko marka 9 minututan hobetu du asteburuan. Denbora oraindino hobea lortuko zuen ibilbideko une batean galdu izan ez balitz.

Trail horretan parte hartzen zuen lehenengo aldia zen, baina Europako tontorrak aurretik ere ondo ezagutzen zituen. Ingurua ezaguna zuen, baina arerioak ez: “Ez nuen inor ezagutzen eta hasieran tentuz irten nintzen”. Lasterketa berehala hautsi zen. Lehenengo kilometroan lau korrikalarik aurrera egin zuten, ondoren bik —Julen Ozaetak eta Alfonso Garcia asturiarrak— eta hirugarren kilometrorako durangarra lasterketa buruan bakarrik zihoan.

Lasterketako lehenengo erdia aldapa gora zen. Ozaeta hiru minutuko aldeagaz igaro zen tontorretik. Eta, orduan, “ibilbideko markak desagertu egin ziren bat-batean”. Ibilbidetik irten zen eta ezin zuen bidea aurkitu. Hiru minutu geroago Garcia heldu zen atzetik eta hari jarraitu zion: “Bertakoa da eta ondo ezagutzen zuen ibilbidea”.

Beraz, aldapa gora kostata hartutako aldea ezerezean geratu zitzaion. Gainera, probako bigarren erdia beherantza zen zati handi batean. Azken 5 kilometroak heldu arte elkarrekin joan ziren. “Orduan, ahul samar zegoela ikusi eta aurrera egin nuen”. Azkenean, bakarrik helmugaratu zen 3.23.49ko denboragaz. Gainera, ordura arteko markarik onena 9 minututan hobetu zuen. Podiuma zuen helburu eta bertako koskarik gorenera igotzea lortu zuen.

Euska Herriko selekzioagaz Espainiako Kopan

Aurtengo denboraldiari begirako helburuetako bat Euskal Herriko mendi laterkarien selekzioan sartzea zuen eta lortu du. Selekzioko parte da eta Espainiako Kopan parte hartzen dihardu. Maiatz hasieran seigarren tokian amaitu zuen Otañesen eta Kopa amaitzeko falta diren hiru lasterketetan parte hartuko du; hurrengoa ekainaren 5ean izango da, Huescan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!