Tabirako Baquéko gizonak Bigarren Nazional mailara igo dira

Anboto 2016ko mai. 16a, 11:55

Tabirako Baquéko gizonak Durangon lortutako igoera ospatzen. (Argazkia: Naia Fernandez - Bizkaiko Saskibaloi Federazioa)

Tabirako Baquéren hiru taldek igoera faseak jokatu dituzte asteburuan: Erregional mailako gizonak Bigarren Nazional mailara igo dira; talde nagusi biek, aldiz, beste aukera bati itxaron beharko diote.

Landako kiroldegia Tabirako Baquéren ospakizunetara ohitzen ari da. Emakumeen lauko finaleko jaiaren ostean, atzo gizonen bigarren taldearen txanda izan zen: Bigarren Nazional mailarako igoera ospatu zuten. Zapatuan La Salle eta domekan Escolapios taldeak menderatu zituzten. Azken horien kontrako finala 81-68 amaitu zen. Partidu parekatua jokatu zuten azken txanpara arte. Anasagastiren hiruko eta alley opp batek Tabirako Baqué sei puntu goitik jarri zuen (62-56). 31 segundoren faltan Escolapios hurreratu egin zen (64-62), baina durangarrek burua eta pultsua hotz mantendu zituzten jaurtiketa libreen marratik. Denboraldi borobil baten ostean ondo merezitako igoera lortu dute.

Emakumeen lehen taldea, igoeraren atarian

Emakumeak bigarren mailara igotzeko atarian geratu dira Logroñon jokatu duten igoera fasean. Lehenengo jardunaldi bien ostean, atzo bost tantoren aldeagaz irabazi behar zioten Errioxako Campus Promete taldeari, baina bigatik galdu zuten: 71-69. Ondorioz, Errioxako taldea igo da.

Sekula etsitzen ez duen talde horietakoa da Tabirako Baqué eta nortasun hori beste behin kantxan islatu zuten. Partidu oso parekatuaren ostean, azken txanpan durangarrek zazpi puntuko aldea irekitzeko kapaz izan ziren. Igoerak gertu zirudien. Baina errioxarrek partidua berdindu eta luzapenera bidali zuten. Bost minutu horietan Campus Prometek hobeto kudeatu zuen partidua.

Larrañagaren agurrean, ezin

Gizonen talde nagusiak ere EBA mailara igotzeko beste aukera baten zain geratu beharko du. Donostian jokatutako azken fasean, Azpeitiako ISB Distira Bitxitegia taldeak finalerdietan kanporatu zuen,: 72-69.

Durangarrak markagailuan aurretik heldu ziren atsedenaldira: 31-35. Aldagelatik bueltan, aldea areagotu zuten (32-41). Orduan, ISB hiruko marratik asmatzen hasi zen. Markagailua berdindu ostean, batak besteari alderik atera ezinik heldu ziren azken txanpara. Minutu horietan maila handian aritu ziren, besteak beste, Tabirakoko Imanol Orue eta David Tudela. Hala ere, puntu bi azpitik heldu ziren azken minutara. ISB-k partidua izteko aukera zuen jaurtiketa libre birekin eta bakarra sartu zuen. Durangarren esperantza hiruko bat zen, baina Kepa Bordesek ezin izan zuen zortzi bat metrotik asmatu.

Partidu amaierak protagonista berezi bat izan zuen: Mikel Larrañaga kapitaina. Urte askoan Tabirakoren joko antolatzailea izan den jokalariaren azken partidua izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!