Durangoko aurrekontuan "gardentasun eta partaidetza falta" ikusten du Herriaren Eskubideak

Anboto 2016ko mai. 10a, 22:46

Durangoko osoko bilkura, apirilean. Artxiboko irudia.

Durangoko 2016rako udal aurrekontua onartu da gaur, EAJ eta PSE-EEren botoekin eta EH Bildu eta PPren abstentzioagaz. Herriaren Eskubidea izan da akordiotik kanpo geratu den alderdi bakarra.

Jorge Varelak egin du berba Herriaren Eskubidearen izenean, eta aurrekontuari "gardentasun eta partaidetza falta" ikusten dizkiotela azaldu du. "Opakutasunean, ateak itxita landu dira negoziazioak, eta aldebikoak izan dira. Aurrekontuen lanketa foro zabaletan egin beharko litzatekeela uste dugu". EAJko Goiztidi Diazek erantzun dio batzarrak alkatearen bulegoan izan direla, eta akordiora batu ez izanaren ardura HEri bota dio: "Gakoa, hitz egiteko borondate faltan dago". Gainera,  "zentzubako oposizioa" egitea leporatu dio.

Bestalde, izenik aipatu ez badu ere, Varelak EH Bilduren aurka egin du, akordioa propagandarako erabili gura izatea egotzita. "Truke oportunista" bat dela salatu du. Dani Maeztuk (EHB) onartu du ez direla eurek nahiko lituzketen aurrekontuak, baina koalizioak auzo batzarrak burutu ditu herritarrekin, eta hango proposamenak aurrekontuan onartuak izan dira, besteak beste. Aramotz eta Antso Estegizen hobekuntzak ekarriko ditu, eta San Fauston Kapitanena baserria herritarrentzat erabiltzea ere. Auzo batzarren formula udalak bere gain hartu beharko lukeela uste du Maeztuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!