Durangoko aurrekontuaren akordio "historikoagatik" eskerrak eman dizkie gobernuak EH Bildu eta PPri

Anboto 2016ko mai. 9a, 16:23

Biharko osoko bilkuran 2016ko udal aurrekontuaren eztabaida burutuko dute, eta EAJ eta PSE-EEren aldeko botoez gainera, EH Bildu eta PPren abstentzioa edukiko du planak.

Aitziber Irigoras alkateak (EAJ) eta Pilar Ríos alkateordeak (PSE-EE) prentsaurrekoa eman dute gaur, bihar onartuko den udal aurrekontuaren inguruko azalpenak emateko. "Egun historikoa" da Irigorasen ustez, EH Bildugaz eta PPgaz akordioa lortu dutelako, eta horien abstentzioari esker, aurrekontu planak aurrera egingo du. Aurrekontua izatea durangarrentzat "albiste ona" dela esan du alkateak, eta akordioa ez dela bat-batekoa izan, abendutik hona egindako prozesu baten ondorioa baizik. "EH Bilduren eta PPren hurbilketa eta jarrera negoziatzailea" eskertu ditu gobernuak. Herriaren Eskubideari dagokionez, "autoisolatu" egin direla adierazi du Irigorasek.

Inbertsioak, auzoetan
Ríosek aurrekontuaren ildo nagusiak aipatu ditu. EH Bilduren proposamenen artean, batez ere auzoetan inbertsioak garatuko dituzte. Adibidez, San Faustoko Kapitanena baserria eta inguruak berriztuko dituzte, eta barruan zer egin erabakitzeko prozesu parte-hartzailea ipiniko dute martxan auzotarrekin. PPren proposamenen artean, herriko langabeei laguntzeko partida bat eta Andra Mariko basilika konpontzeko ekimena onartu dituzte.

Ríos alkateordeak azaldu du hiru ardatz dituela aurrekontuak, euren legealdiko gobernuak lez: gizarte politika, berdintasuna eta enplegua. Irigorasek esan du gaurko albistearen oinarrian alderdi bien arteko hitzarmen hori dagoela, eta udalari "oreka eta sendotasuna" ematen dizkiola.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!