Sasikoa Durango Bizkaiko ligako txapeldun

Anboto 2016ko mai. 7a, 20:51

Sasikoako neskak Atxurre Bakioren kantxan liga irabazi ostean.

Bakioren kantxara egindako bisitan azken hiru asteetan bila zebiltzan puntua batu dute. Bizkaiko liga irabazi ostean, igoera fasea jokatuko dute Gipuzkoako eta Arabako txapeldunen kontra.

Sasikoa Durango areto futbol taldeak Bizkaiko liga irabazi du. Azken aurreko jardunaldian batu dute aspalditik bila zebiltzan puntua. Lau jardunaldiren faltan puntu bakarra falta zitzaien liga irabazteko. Denboraldi osoan partidurik galdu barik (22 garaipen eta bi berdinketa) heldu ziren egoera horretara. Beraz, lau aukera zituzten gutxienez berdinketa bat eskuratzeko eta hirugarren aukeran lortu dute. Aurretik, Bilbo eta Soloarteren kontra galdu egin zuten: ligako porrot bakarrak. Ez ziren nolanahiko aurkariak: Ligako bigarren eta hirugarren sailkatuak. Talde oso onak izateaz gainera, Sasikoari irabaztera beharturik zeuden, euren aukera txikiei eusteko. Gaur parez pare izan duten Atxurre Bakio ere ez zen aurkari samurra: Ligako laugarren sailkatua. Bakioztarrak aurreratu dira markagailuan eta Sasikoak bigarren zatian berdindu du. Bana amaitu da neurketa. Sasikoako neskek kantxan hasi eta hondartzan jarraitu dute ospakizuna. Liga txapelketa batek merezi zuen Bakioko uretan bainu bat.

Denboraldia ez da amaitu oraindik Sasikoarentzat. Liga irabazita igoera fasea jokatzeko eskubidea lortu dute. Gipuzkoako eta Arabako txapeldunen kontra jokatuko dute eta onenak mailaz igoko du.

Jokalari bila dabiltza

Zazpi jokalarirekin bakarrik aurre egin diote aurtengo denboraldiari. Horregatik hurrengo urterako jokalari bila dabiltza. Interesatuak helbide elektroniko honen bidez jarri daitezke hartuemanetan: cdsasikoa1997@gmail.com

 

Bakioko hondartzan lorpena ospatzen.

 

1,2,3 Sasi txapeldunak!!!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!