Denboraldiko lehenengo porrotak Sasikoaren igoera atzeratu du

Anboto 2016ko api. 25a, 10:34

Sasikoa Durangok denboraldiko lehenengo porrota jaso du Basaurin. Ondorioz, oraingoz ez dute igoerarik lortu. Hala ere, esku-eskura egoten jarraitzen du. Hiru jardunalditan puntu bakarra behar dute.

Sasikoa Durangok 0-1 galdu zuen atzo Soloarte taldearen kantxan. Basauriko  taldea ere igotzeko borrokan dago eta partidu exigentea planteatu zuten. Jokoaren ekimena Sasikoarena izan zen eta Soloartek kontraerasoak baliatu zituen min egiteko. Hain zuzen, kontraeraso horietako batean sartu zuten garaipena emango zien gola partidua amaitzeko minutu biren faltan. Sasikoak ez zuen erreakzionatzeko denborarik izan.

Gaizka Iragorri entrenatzailea pozik dago jokalarien jarreragaz berdinketa nahikoa zuten arren garaipenaren bila irten zirelako. Hala ere, partidutik burumakur irten zirela onartu du. Edozelan ere hiru aukera geratzen zaizkie aurretik; hurrengoa etxean izango da, zale eta ezagunen aurrean. Zapatuan, 17:00etan, Bilbo B taldeak bisitatuko du Landako kiroldegia. Bilbo ere ez da nolanahiko aurkaria. Sailkapeneko bigarren tokian dago eta Sasikoari festa zapuzteko kapaz dira: “Guretzako motibazio bat gehiago da”,  dio Iragorrik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!