Denboraldian partidu bat bera ere galdu barik, Sasikoa mailaz igo daiteke domeka honetan

Anboto 2016ko api. 23a, 11:30
Domekan, Basauriko Soloarteren kantxan berdinketa nahikoa dute mailaz igotzeko

Espartarrak 300 ziren, eta Sasikoakoak 7 dira. Termopiletako gudu historikoan gertatu zen antzera, kalitatea kantitatea baino baliotsuagoa izaten ari da areto-futbolean ere. Zazpi bakarrik dira, baina ez edozelakoak.

Aurkariak adina edo gehiago dira fisikoki, eta 24 partidutan 103 gol sartu dituzte. Lider daude, eta liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, puntu bakarra falta zaie mailaz igotzeko. Eta hori guztia gutxi balitz, oraindik ez dute porrotik ezagutzen.

Sasikoaren aurtengo ibilbidea ulertzeko gako nagusi bi daude. Alde batetik, talde lana eta fisikoki duten gaitasuna dago: “Ikaragarriak dira”, dio Gaizka Iragorri entrenatzaileak: “Batzuetan aurkariak 12 izanda ere, gu baino nekatuago amaitu dituzte partiduak”. Partidu batzuei bost jokalarigaz bakarrik —aldaketarik barik— aurre egin diete, eta jokalariak atezain lanetan ere aritu izan dira pare bat partidutan.

Bestetik, ligako talderik indartsuenek ez dute iazko mailarik. Stilo Berrio eta Muskiz taldeei jokalaririk onenak goragoko mailetara joan zaizkie, esaterako, eta iaz goiko postuetan aritu zen Sasikoak, oro har, blokeari eutsi dio.

Horiek horrela, Sasikoaren ibilbideak ez du parekorik Bizkaia mailan. 24 partidutatik 22 irabazi eta bi berdindu dituzte; porrotik ez, orain arte. 1995/96an sortu zuten emakumeen areto-futbol liga, eta Bizkaiko federazioan 2004/05 ligatik gaur egunera arteko datuak dituzte. Azken hamarkadan, GSI Bilbok hirutan, eta, Getxo Kantxa, Stilo Berrio eta Alegria taldeek behin lortu dute denboraldia galdu barik amaitzea.Gero eta gertuago dagoen lorpena dela onartzen du Iragorrik, eta taldean komentatzen dela: “Polita litzateke, baina  ez gaitu obsesionatzen. Orain igoera dugu buruan, horixe da helburua, eta apurka joan gura dugu. Gero gerokoak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!