Zelatan roller derbyan?
Zaloa Ares: Beti gustatu zait patinatzea, eta ibili izan naiz neure kabuz. Baina, iaz, jokalari berrientzako deialdi batean parte hartzera animatu nintzen. Talde-kirola da, eta patinak asko gustatzen zaizkit.
Ane San Migel: Danimarkan ezagutu nuen roller derbya. Hala ere, Euskal Herrira bueltatu nintzenean, ez nuen talderik topatu. Hiru hilabetera, fresh-meat edo haragi-fresko deialdi baten berri izan nuen, eta aurkeztu egin nintzen. Ez nekien ezta patinak lotzen ere.
Botxo Killersen aurreneko urratsak bizi izan zenituen zuk, Ane.
A.S.M.: Bai. Roller derbyan izerdia botaz jokatzen ikasten hasi ginen. Oso gutxi ginen, eta Euskal Okela izeneko Euskal Selekzioa sortu genuen. Duela bizpahiru urte izan zen hori. Donostiako beste zazpi neskekin batu, eta Frantziara joan ginen, lau partidu jokatzera.
Kutsu feminista du?
A.S.M.: Baliteke. Roller derbyan, emakumeak gara gehiengoa. Beraz, emakumezkoen erronkak hartzen dira aintzat. Estereotipoen kontrako borroka fin bat ere badago: gorputz guztiak dira onargarriak, eta tamainak ez du garrantzirik (barrez). Ezta adinak ere. Beste kirol batean, zaharra nintzateke jokatzeko. Hala ere, AEBetan gizonak ere aritzen dira; Espainian talde bat sortu da. Gurean, bost mutil ditugu.
Zenbat neska zarete?
A.S.M.: 18 eta 37 urte arteko 25 neska gara. Roller derbya familia bat ere bada, eta behin talde baten arituta, aukera daukazu beste edozein taldetan sartzeko.
Autogestioan oinarritutakoa da Botxo Killers.
A.S.M.: Bai. Artxandako irristaketa zelai irekian entrenatzen gara, eta taldea komiteen bitartez koordinatzen dugu. Aipatzekoa da Espainiako patinaje federazioak orain bi hile hartu duela aintzat roller derbya. Aurten, lehenengoz antolatuko da txapelketa, maiatzean.
Zelan jokatzen da?
A.S.M.: Pista eliptiko batean jokatzen da, eta partida bakoitzak 30 minutuko bi denbora ditu: bakoitzean, gehienez bi minutu iraungo duten ‘jam’ edo jokaldiak jokatzen dira. Kontrako taldearen blokeatzaileak lehenengo pasatzen dituena jamer liderra izango da, gero jokaldiak gelditzeko pribilegioa irabazita. Bere taldearentzat puntuak pilatzea du helburu jamerrak, eta aurkariari pilatzen ez uztea.
Estetika berezia da zuena.
Z.A.: Bakoitzaren araberakoa da. Nortasuna azalarazteko era bat. Batzuek tatuajeak dituzte, roller derbyan zein kalean, gustatzen zaielako. Besteek ez.
Orain Ane eta Zaloa zarete. Roller derbyan aldatu egiten da hori? Gudari izena duzue.
Z.A.: Hala da, Argon Scout 14 da nirea. Baliteke, benetan norbera izateko libreago sentitzea. Bada halako “une basatia”, baina ez gara hainbeste aldatzen.
A.S.M.: Testuinguru osasuntsua da KroketaMemeo84 legez bizitakoa. Babestuta sentitzeko lekua da. Autogestioak ere gauza asko irakasten dizkizu. Dena den, janzteko era segurtasunagaz dago lotuta. Roller derbya estetika bategaz lotu arren, denetarik dugu taldean.
Gogorra da roller derbya.
Z.A.: Bai. Partidua jokatu ostean, kolpe eta ubeldurez beteta egoten naiz. Baina, jokora zaude, eta ez duzu minik sentitzen. Hala ere, araudi zabal eta zorrotza du roller derbyak, joko zikinik egon ez dadin. Zazpi arbitro egoten dira. Hirugarren jokoa ere badugu gero.
A.S.M.: Kontaktu eta estrategiazkoa ere bada. Segurtasuna oso garrantzitsua da, eta asko zaintzen dira jokabideak.
Euskal Herrian ezezaguna da.
A.S.M.: Bai, baina, emakumeen kirol guztiekin gertatzen den bezala.