Tabirako Baqué: hamarreko taldea liga irabazteko hautagai

Anboto 2016ko api. 15a, 13:23

Tabirako Baquek Bizkaiko Erregional Bereziko liga irabazi zuen iaz, eta aurten lorpen handi hori errepikatzeko bidean dago. Gizonen bigarren taldeak hamar partidu bata bestearen atzetik irabazi ditu, lider dago, eta igoera fasea jokatzeko sailkapen matematikoa lortua dute hiru partiduren faltan.

David Querok entrenatutako  taldeak ia hiru hilabete daramatza partidu denak irabazten. Urtarrilean galdu zuten azkenengoz, Deusto Loiolaren kontra. Harrezkero, batzuetan sufrituz, eta askotan erakustaldiak emanez (111-44 Unamunoren kontra), ez dira garaipenaren trenetik jaitsi. Talde gaztea da —20 urte batez beste— baina inoren aurrean kokiltzen ez den horietakoa. Querok talde lana azpimarratu du: “Estatistikei begiratuz gero, ez dago bat bestearen gainetik gailentzen den inor. Batez beste 10 puntutan dabiltzan hainbat jokalari ditugu, eta hori garrantzitsua da”.

Iaz Bizkaitik Euskadi mailarako saltoa emateko aukera izan zuten lauko finala irabazita, baina igotzeari uko egin zioten,  kanpoko partiduetarako joan-
etorri astunengatik, esaterako. Aurten kasu berdinaren aurrean baleude, zer? Ina Mendibe presidentearen ustez, “lehen taldearen formazioari begira, interesgarria litzateke mailaz igotzea, jokalariek nahi balute; zenbat eta liga lehiakorragoa izan, hobe guretzat”. Baina balizko egoera horretara heltzeko, bidea egin behar dute oraindik.

Neskak, bide beretik
Emakumeen talde nagusia bolada txarrean dago, eta azken bost partiduetatik lau galdu ditu. Hala ere, otsailera arteko errendimendu bikainaren ondorioz (14 garaipen eta 2 porrot) lauko finalera sailkatu ahal izateko aurrefasea ia segurtaturik dute. Jesus de Vicente entrenatzaileak ez du uste taldea goitik beherantz datorrenik: “Maila orekatua da, talde denek izan dituzte gorabeherak, eta orain guri egokitu zaigu”.

Bitartean, harrobiko taldea ere bikain dabil. Tabirako Baqueren neska juniorrek Euskadiko txapelketako lauko finala jokatuko dute asteburuan, Bilboko Jesuitetan. Zapatuan, 13:00etan, Loiola Indautxu ahaltsua izango dute aurkari. Finala, domekan, 10:00etan litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!