Gaurko bigarren etapa Lekeition hasi eta Durangon amaitu da, 17:00etan. Bihar Zornotzatik Arrasatera joango dira. Han Gipuzkoan datorren martxagaz bat egingo dute. Barikuan, denek elkarrekin, Aguraingo suhiltzaile parketik Gasteizko parkera doan ibilbidea osatuko dute. ELA, LAB, CCOO eta Bazkuna sindikatuek babesten duten bizikleta martxa da. Mar Fernandez ELA sindikatuko delegatuak arrazoi nagusi bi aipatu ditu bizikleta martxa egiteko: "Batetik, onartu gura duten aurreproiektuari ezetz esaten diogu. Herritar denei benetan 24 orduko zerbitzu publiko eta profesionala eskainiko dien lege baten alde egiten dugu. Bestetik, Arabako parkeak gaur egun 12 orduz irekitzen dituzte eta 24 orduetan zabalik egon daitezen gura dugu".
Ezkurdin gaztetxoei begirako askotariko ekintza didaktikoak egiten dabiltza (19:30 ingurura arte) suhiltzaileen lana azaltzeko. Toki berean, sinadurak batzeaz arduratzen den herritarren plataformako kideak daude, eta gura duenak bere sinadura eman dezake. 40.000 sinaduratik gora jaso dituzte orain arte.