Suhiltzaileen bizikleta martxa helduko da gaur Durangaldera

Anboto 2016ko api. 13a, 10:44

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako suhiltzaileek bizikleta martxa antolatu dute suhiltzaileen jarduna arautzen duen legedian dauden "hainbat hutsune legali" erantzungo dien lege berri bat eskatzeko. Apirilaren 12an hasi zen bizikleta martxa,eta barikuan helduko da Gasteizera. Parlamentuaren inguruan euren aldarrikapenak zabalduko dituzte suhiltzaileek eta herritarren sinadurak batzeko sortutako plataformak. Gaur Durangaldean zehar ibiliko da bizikleta martxa hori. Durangoko Ezkurdin hainbat jarduera antolatu dituzte 17:00etik 19:30era.

Larrialdietarako baliabide gisa, Larrialdien Kudeaketarako Legeak arautzen du suhiltzaileen zerbitzua Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban gaur egun. Hala ere, 1996ko legedi horrek betebeharreko "hainbat hutsune legal" dituela salatu gura dute bai suhiltzaileek bai  suhiltzaile "zerbitzu publiko eta profesional bat" eskatzeko sortu den sinadurak batzeko plataformak. Dagoeneko 40.000 sinadura batu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak suhiltzaile zerbitzuan egon zitezkeen arazoak aztertzeko 2004-2005ean egindako txostenak onartzen du suhiltzaile lege propio bat behar dela. Larrialdi baten aurrean nola erantzun arautuko duena, batetik, eta suhiltzaileen homogenizazio faltari aurre egingo diona, bestetik. Dauden hutsune legalak betetzeko tresna izango litzateke lege berri hori. Horrela azaldu dute herritarren sinadurak batzeko sortutako plataformako kideek. Hala ere, Jaurlaritzak aurkeztutako suhiltzaile lege proiektuagaz ez daude ados suhiltzaileak. 96tik indarrean dagoen legedia %95ean berean mantendu dela diote eta egindako ekarpen berriek ez dituztela dauden "hutsune legalak konpontzen". Gaineratu dutenez, "suhiltzaileekin egindako suhiltzaileentzako legea" eskatzen dute, "24 orduan mantenduko den zerbitzu publiko eta profesionala".

Hori aldarrikatuko dute suhiltzaileek eta herritarren sinadurak batzeko sortutako plataformak bihar, Gasteizko parlamentuan. Bizkaia eta Gipuzkoa, aldi berean, zeharkatu dituzten bizikleta martxak batera joango dira Gasteizera. Arabako suhiltzaileen egoera ere salatu dute suhiltzaileek. "Gasteizen ezik, Arabako gainerako suhiltzaile parkeetan langile interinoek dihardute eta 12 orduan daude zabalik". Bizkaian indarrean den eredua Arabara eramatea aldarrikatzen dute. Suteekin lotzen dira suhiltzaileak, hala ere, bestelako larrialdi egoeratan ere esku-hartzen dutela gogoratu dute.

Jaurlaritzak legea egiteko eskumena dauka, baina, suhiltzaile zerbitzurik ez du. Horri helduta negoziazio mahairik ez dela sortu azpimarratu dute suhiltzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!