DAZ: "Gauza batzuk diru gutxigaz egin daitezke, baina borondatea falta da"

Anboto 2016ko api. 11a, 11:55

DAZ auzo elkarteak (Durangoko Alde Zaharra) iaz burututako inkestan jasotako iritzi batzuk plazaratu ditu. Garbitasun sistema indartzea proposatu du, besteak beste. Trapuzahar, Txoko Gozo eta Alberto ileapaindegian jaso ahal da txostena, baita euren webgunean ere.

Iaz landutako inkestan 130 herritarrek parte hartu zuten, eta aditu bategaz, iritzi horien analisia egin zuten. Orain, iritziak osotasunean publikatzea erabaki du elkarteak, eta emaitzen lehen zatia eskaini du. Azaldu dutenez, zikinkeriagaz eta zaratagaz ez daude gustura auzokideak.

Kaleak garbitu arren, inoiz ez daudela garbi kritikatu dute, eta horren aurrean, sistema indartzea proposatu dute. Alde batetik, sistema modernoagoa ezartzea eta makina gehiago sartzea. Errefusa batzeko kontainer gehiago eskura ipintzea eskatu dute, eta komertzioetan paperaren eta beiraren bilketa sustatzea ere bai. Lurpeko kontainerren kasuan, "mantentze lan eskasa egiten denez", zabor ugari kanpoan geratzen dela salatu dute. Bestalde, zaratari dagokionez,  Zarataren Mapa aplikatzea eskatu dute. Zaborra batzeko zerbitzua hobetzeko beharra horregatik ere ikusi dute, euren ustez, kamioiek zarata handia sortzen dutelako.

DAZeko kideen ustez, "gauza batzuk diru gutxigaz egin daitezke, baina borondatea falta da". Udala auzokideen iritziak entzutera gonbidatu dute. Elkartekoak azaroan birritan batu ziren udalagaz Durangoko Azokako proposamenen harira, baina hartu-emana horretan geratu zela adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!