DAZen arabera, udala eta herritarren arteko bitartekaria ipintzea ondo ikusi dute inkestatuek

Anboto 2015ko mai. 5a, 16:24

DAZ alde zaharreko auzo elkarteak inkesta landu du herritarrek dituzten arazoen inguruan. Aditu batek burutu eta aztertu du inkesta, eta horren ondorioak "txosten tekniko" batean batu dituzte. Prentsaurrekoan aurkeztu dituzte, eta alderdi politikoei eman ere bai ostean.

DAZek emaitzen txostenean dioenez, administrazioak herritarrekin daukan hartuemana “halamoduzkoa” da, “ez baitute politikarien arreta gehiegirik jasotzen hala eskatzen zaienean”. Bizilagun guztiak  ez dituztela berdin tratatzen ere salatu ei dute inkestatuek, eta udal teknikari zein udaltzainen partetik “errespetu falta” sufritu izan dutela ere bai. Udala eta herritarren artean bitartekari bat beharrezko ote den galdetu zuen DAZek, eta inkestatuek, “portzentaia altu bategaz”, ondo ikusi dute, Jose Mari Arrillagaren arabera.

Agurtzane Irigorasek azaldu du azken urteetan udalean ez dituztela jaso DAZ auzo elkartekoak, eta horrek mindu egin dituela. Edozelan ere, hauteskundeen ostean gobernu talde berak jarraituta edo aldatuta, elkarlanerako prest daudela nabarmendu du. “Elkarrizketa behar da”, Irigorasen berbetan.

500 inkesta banatu zituzten, eta 127 lagunek bete dute. Horietatik hamar ez dituzte kontuan hartu, ondo bete barik zeudelako. Kale-garbiketa, zaborrak, zaratak, herritarren segurtasuna, bide-segurtasuna, gune publikoen erabilera, karkabak eta administrazioarekiko hartuemana ziren aztertu beharrekoak, eta guztietan balorazio "txarra" edo "erdipurdikoa" egin dute bizilagunek. Inkestatuen batazbesteko adina 50 urtekoa izan da, eta DAZekoek autokritika egin dute gazteengana ez direlako ailegatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!