Gorane Gorospe: "Manikiak gara, baina, norberaren mugak non dauden jakin behar da"

Anboto 2016ko api. 10a, 10:00

Argazki-kameraren aurrean jartzea zailagoa egiten zaio, irakasle lez 20 neska-mutilen aurrean baino. Dudarik gabe. Azken urtean, argazki-saioetan eta pasarela gainean ari da Gorane Gorospe, baina, irakasle jardun gura du.

Nolatan moda kontuetan?
Bilboko denda baten inaugurazioan, agentzia bateko neska bat hurbildu, eta txartel bat eman zidan. Harrituta geratu nintzen. Ez neukan zerikusirik mundu horrekin, eta hainbat buelta eman nizkion buruari. Azkenean, proba egitera animatu nintzen. Aukera bat iruditu zitzaidan, zerbait berria.

Kasualitatez orduan...
Guztiz! Egia esan behar badut, ez dakit ezer modaren inguruan. Ez naiz blogetan sartzekoa, eta gura dudana janzten dut. Ez diot inori jarraitzen; nire “tokea” ematea eta gura dudana janztea gustatzen zait.

Urtebete daramazu. Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Esperientzia ona da. Gustatzen zait. Baina, etorkizunean ez dut neure burua hor ikusten.

Argiak eta itzalak dituen mundua da hori?
Baliteke, bai. Min handia egin diezaioke neska-mutil askori; argalago egon behar hori dela-eta... Kontu horregaz ni ez naiz oso zorrotza, argi dut-eta ez naizela horretaz biziko. Gura dudana jaten dut. Lanen baterako kontuan hartzen ez banaute... hor konpon! Eta zerbaiterako gura banaute, naizen modukoa izanda, ederto!

Modeloa izatea ez da txikitatik datorkizun kontua, beraz.
Ez. Irakaslea izatea gura izan dut beti, eta horretarako prestatzen ari naiz. Zaletasuna ez dut esango, baina dirua irabazteko beste aukera bat da modelo lana. Besterik gabe.

Irudiak berebiziko garrantzia du moda munduan. Horren garrantzitsua da irudia?
Ez, baina, tamalez, gazteak horretan daude tematuta. Gero eta gehiago arduratzen dira horretaz (jateari uzten diote, kirola egiteagaz itsututa daude...) Fisikoari garrantzi larregi ematen zaio. Sare sozialetan ere oso nabarmena da. Ezagutzen ditut kasuak, hainbeste argaldu guran, anorexia maila horretara heldu direnak.

Moda mundutik kanpo ere?
Bai. Baina, moda mundutik dator asko. Kontuan hartu behar da ikusten ditugun argazkirik gehienak daudela ukituta. Irudi faltsua ematen da, baina, askok uste dute benetakoa dela.

Zein da zure indargunea?
Altuera izan daiteke; eta nahiko argal nagoela. Zortea izan dut genetikagaz. Gimnasioa ez zait gustatzen. Kirola lagunekin egiten dut. Frontenisean, adibidez. Ondo sentitzeko egiten dut kirola. Normal-normala naiz. Ez nago itsututa, ez kirolagaz ez janariagaz. Gura izan dudana jan dut beti, eta badakit hori ez dela aldatuko, plazerrik handiena dut-eta jatea.

Zure gorputzeko ezer aldatuko zenuke?
Ez. Badago esaldi bat: ‘inperfektuki perfektua zara’. Horrelakoa naiz ni. Pentsatu dut inoiz, tripa txikiagoa, berna meheagoak... banitu. Baina, ez da arduratzen nauen kontua.

Modelo izateak sakrifizo asko eskatzen ditu?
Bai.  Zaindu egin behar da.

Manikiak zarete, ala ez?
Bai, bagara, baina, norberaren mugak non dauden jakin behar da. Bakoitzak jakin behar du zein mailataraino izan gura duen bestearen manikia. Nortasuna behar da, burua izatea. Muga non den eta noraino heldu gura den jakin behar da.

Zer egin zaizu zuri zailena?
Beste modeloekin hartu-emanetan sumatu dudan halako lehiakortasuna da gustatzen ez zaidana. Zailena? Jendeak pentsa dezakeena, agian. Baina, esperientzia berri bat da, eta dirua irabaziz gero,  ederto!

Zer da zailagoa, argazki-kameraren aurrean ala 20 ikasleren aurrean jartzea?
Kamera aurrean. Umeak asko gustatzen zaizkit, ez dut beldurrik, eta horrek egiten nau benetan zoriontsu. Argazki-kameraren aurrean halako tentsioa sentitzen da: nola aterako naiz, ia argazkilaria pozik dagoen...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!