Frankismoaren aurka, biktimen hiru salaketa prest daude Durangon

Anboto 2016ko api. 8a, 12:22
Durango 1936 elkarteak faxismoaren biktimak omentzeko ekitaldia egiten du urtero

Frankismoaren aurkako kereilan Durangaldeak ere parte hartzea aztertuko dute gaurko bilkuran

Argentinako justiziaren aurrean frankismoaren aurka ipinitako kereila aurkeztuko dute gaur, Durangon, eta kereilan Durangaldeak ere parte hartzeko aukera aztertuko dute. Eskualdeko biktimen salaketak landu eta Maria Servini epaile argentinarrari aurkeztea da asmoa, udalen inplikazioa lortuta. Durango 1936 elkarteak hiru salaketa prest ditu dagoeneko.

Gaurko aurkezpena 19:00etan hasiko da, Pinondo Etxean. Bertan, kereila sustatu duen plataformako hiru kidek berba egingo dute: Andoni Barreñak (Durango 1936 elkarteko kidea), Eduardo Gonzalezek (Sare antifaxista) eta Luis Fuentesek (CNT). Barreñak azaldu duenez, kereilara batu ala ez erabaki, eta horretarako ze aukera eta bide dauden ikusiko dute. Bere ustez, “ekimenak aurrera egiteko, beharrezkoa izango da herritarren eta udalen inplikazioa”. Horregatik, herritar guztiei batzarrean parte hartzeko deia egin diete, ekimena Durangaldeko herrietan zabaldu dadin.

Biktima gehiagoren bila
Barreñak kontatu du Durangoko hiru biktimaren kasuak kudeatzen dabiltzala. Hain zuzen ere, fusilatutako, desagertutako eta kartzelan hildako kasu bana dira. Horien senideek egindako pausoa izan da, eta paperak prest dituzte.  Baina, horiez gainera, “badakigu gehiago ere prest daudela”, esan du Durango 1936 elkarteko kideak.

Bestalde, bonbardaketa ere auzitara eraman beharrekoa dela dio Barreñak, baina, kasu horretan, era kolektiboan egin beharko litzatekeela

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!