Francis Díez: “Diskoaren hasierak epika berezia du, makarra samarra”

Anboto 2016ko api. 7a, 12:00
Bizkaiko zubian aurkeztu zuen, Doctor Deseok, disko berria, atzo.

Igual y diferente, una mirada distinta izenburuko disko berria aurkezteko bira abiatuko du, zapatuan, Doctor Deseo talde bilbotarrak, Plateruenean. Horren aurretik, Hitz liburu-dendan emanaldi akustikoa eskainiko du Francis Díez abeslariak, gaur, 19:00etan.

 

Durangoko Plateruenean aurkeztu dituzuen diskoen kontua badaramazu?
Desastrea naiz horrelako kontuetan, baina hainbat izan direla seguru. Areto oso ederra da Plateruena; Euskal Herriko ederrenetarikoa. Oso gogoan ditut Durangoko gau oso politak.

Zer duzu akorduan?
Urduritasun eta hunkiberatasun handia gogoratzen ditut, esaterako, edo kamerinoetako kontzertu osteko solasaldiak. Oso momentu berezia izan zen, baita, Maialen Lujanbio Platerueneko kontzertu horietako batera agertu zenean, desioaren inguruko bertso bat kantatzera gonbidatu genuenekoa. Bisaren aurretik bertso itzel bat eskaini zigun Lujanbiok.

Doctor Deseo ondo konpontzen dela bertsolariekin, beraz.
Bai, jenialak dira bertsolariak. Doctor Deseoren euskarazko letrak bertsolariek egin izan dituzte. Disko berrian, Marta Ortiz bertsolari ohiak egindako letra dauka Gustatzen zaigulako kantak.

Gainontzeko letra guztiak zureak dira?
Bai, baina bikotekide ohia eta lagun handia dut Marta Ortiz, eta disko berrian landu gura genuen gaiaren inguruan berba asko egin dut beragaz.

Igual y diferente, una mirada distinta diskoaren izenburutik eratortzen denez, dikotomia hori da lan honetan jorratu duzuen gaia.
Marcel Proust idazlearen aipu bat izan da abiapuntua: “Benetako aurkikuntza bidaiak ez datza paisaia berri eta desberdinak ikustean, baizik, begiratzen ikastean”. Hortik tiraka sortu ditugu diskoko musika eta hitzak. Ideia nagusia da, bizitzan benetan inportanteak diren gauzak ez direla horrenbeste, eta heldutasunagaz lortu daitekeen dohaina dela horiei ikuspuntu desberdin batetik begiratzen ikastea.  

Begirada horretatik, zer nabarmenduko zenuke disko berritik?
Adibidez, diskoaren hasierak epika berezia duela, makarra samarra: piano eta biolontxelo doinuz hasten da, soka orkestazio oso potenteagaz. Morriconeren musika gogora ekar dezake diskoaren hasiera horrek.

Zer izan duzue inspirazio iturri?
Kasu honetan, Amy Winehousen Back to Black kantaren edo Bruno Mars modukoen produkzioek eragin dute, esaterako, disko honetarako buruan ibili ditugun ideietan.

Urtebeteko geldialdia egiten duzue kantak sortzeko.
Bai, eszenatokietatik kanpo bizitzeko denbora hartzen dugu, sorkuntza elikatu dezaketen gauzak gertatu daitezen. Izan ere, bizitzatik elikatzen da musika. Birak amaitzean, amestu dudan bidaiaren bat egitea gustatzen zait, adibidez, eta Islandiara egindako bidaia baten eragina badago, disko honetako kanta batean: Europako glaziar handienean ibilaldia egitera joan ginen, eta ekaitz bortiz baten eraginez, oso egoera zaila bizi izan genuen. Kantan ez dut esperientzia horren narrazioa egin, baina horrelako bizipenek eragina dute sortzen dugunean.  

CDa ezezik, DVD-liburua ere kaleratu duzue.
Bai, izan ere, guretzat bereziak izan ziren aurreko denboraldiko bi kontzertu eskaini nahi dizkiegu DVDan zaleei: Bilboko 2014ko Aste Nagusiko Noche de fuego y deseo ikuskizunekoak, eta lagun baten omenaldian, Lekeitioko elizan, eskaini genuen emanaldikoak.

Zergatik izan ziren bi emanaldi horiek hain bereziak?
10.000 lagunen aurrean jo genuen Bilbon, eta ikuskizun handia eskaini genuen, piroteknia ere baliatuz, besteak beste. Oso berezia izan zen. Lekeitiokoa ere oso ederra izan zen: errespetua ematen zigun elizan jarduteak, garen bezalakoak izanda... Baina gu ailegatzerako desakralizatua zuten eliza, eta emozioek gainezka egin zuten. Ospakizun agnostiko oso ederra izan zen. Hainbeste kalte egin digun ikonografia hori gure ikuskizunean baliatu ahal izatea, aitorleku batetik kantatu ahal izatea, edo elizan "bere seme-alaben plazerak ezin dio minik egin aitari" aldarrikatu ahal izatea handia izan zen.

Berezia izango da gaur, Durangoko Hitz liburu-dendan eskainiko duzuen kontzertua ere.
Disko berria datorren astean ailegatuko da dendetara, eta beraz, zapatuan Plateruenean jotzen dugunerako, ez da eskuragai egongo. Hitz liburu-dendako aurkezpenagaz, jendeari aukera eskaini nahi diogu Platerueneko kontzertua orduko diskoa ezagutzeko. Neu bakarrik joango naiz, eta emanaldi inprobisatua eskainiko dut: seguruenik karaoke gisako jolasen bat ere egingo dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!