“Bizitzan umila izan behar da, baina inkonformista ere bai”

Anboto 2016ko api. 2a, 10:00

BAT Basque Team fundazioaren sostenguagaz Rioko Joko Paralinpikoetara sailkatu gura du Asier Agirre paratletak (Durango, 1989).

Asier Agirre ez da erronken aurrean kokiltzen den horietakoa. Kontrara. Motibatu egiten dute, bere hobetu nahi konstante eta setati horretan. Aurtengo erronka ez da nolanahikoa: irailean Rio de Janeiron izango diren Joko Paralinpikoetara —gutxitasun psikiko bat du— sailkatzen saiatzea; gainera, bere espezialitatea ez den distantzian. Goi mailako kirolarientzako BAT Basque Team-en babesa izango du bide horretan.


BAT Basque Team-eko parte zara, martxoaren 22tik. Zorionak, Asier.

Eskerrik asko. Itzela da, egia esanda. Hori lortzeko mailara heltzea ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina lortu dut ailegatzea. Urtetik urtera, gero eta gehiagora joateko gogoz lan egin dut, eta horren saria da. Urtebeterako akordioa da. Lesioetan tratamendua, ekipamendua… alderdi askotako laguntza jasoko dut, baina eskakizunak ere gogorrak dira. Esaterako, entrenamenduen kontrol zorrotza daramate. Egunero apuntatu behar ditut interneten. Lanera joan eta fitxatzea lakoa izango da. Baina erronka interesgarria da, eta badakit zer egin behar dudan aurrerantzean: lehertzeraino entrenatu urtebete barru mailari eusteko.

Gogoz eta ilusioz ikusten zaitut.
Bai, jakina, gogotsu nago, baina badakit buruarekin jokatu behar dena ere, oinak lurrean  izanda. Egunetik egunera eta lasterketarik lasterketa: horixe izango da nire taktika.

Aurtengo helburu nagusia Rioko Jokoak dira?
Ikaragarria litzateke. Baina ez da bakarra. Portugalen maratoi erdien munduko txapelketan domina bat irabaztea ere badut helburu, esaterako. Jakina, Joko Paralinpikoak gailurraren erpina dira. Amets bat da.

Pistako 1.500 metroko probara sailkatzen saiatuko zara.
Bai, eta ez da nire espezialitatea. Ni iraupen-lasterkaria naiz. Baina Joko Paralinpikoetan aukera gutxiago daude. Ez dago iraupen-lasterketarik. Diotenez, hurrengoetarako 5.000koa sartuko dute, baina momentuz… Egoera horretara mentalizatu beharko dut. Orain arte korrika saio luzeak zirenak, aurrerantzean lehertzera izango dira. Dena emanda, eta mugak bilatuz.

Sailkatzeko denbora minimo bat behar duzu?
Bai. 1.500 metroak lau minuturen barruan egiteak Jokoetarako sailkapen zuzena ematen du. Denbora horretatik gora ere sailkatu daiteke, baina hainbat faktoreren menpe dago. Maiatzean hainbat lasterketatan parte hartuko dut, eta badakigu zer daukagun: asteburu bakoitza final bat izango da.

Iraupen-lasterkari batek zer aldatu behar du 1.500ekora egokitzeko?
1.500eko atleta batek indar gehiago behar du. Gimnasioan nabil, eta pisuak jasotzen dihardut, astean birritan edo. Elikadura ere zaindu beharra dago. Korrika estiloa moldatzea da beste alderdi bat. Pausoan zabaltasuna bilatu behar dut. Pauso laburrekoa naiz, eta oinkada luzeagoak bilatu behar ditut. Esaterako, Italian oinkada luzeagoekin bost segundo irabaz nitzakeela esan zidan fisioterapeutak. Azkenean, alderdi denak landu beharra dago.

Zeure buruagaz zorrotza zara?
Ba bai, horrela da. Zorrotza, eta batzuetan, bere burua zigortzen duen horietakoa. Beti dut egindakoa hobetu daitekeen sentsazio hori. Bizitzan umila izan behar da, baina inkonformista ere bai. Gehiago egin dezakezula sentitzen baduzu, daukazun maila hobetzea posible ikusten baduzu, zergatik ez zara saiatuko? Hori bai, gorputz eta arima ahalegindu beharra dago, ez dago beste biderik. Sekula ez da jakiten noraino heldu daitekeen.

Oraintsu, pista estaliko munduko atletismo txapelketan parte hartu duzu, Italian. Laugarren 3.000ko proban eta seigarren 1.500ekoan. Gustura?
Espero nuena baino hobeto aritu nintzen. Benetako lehenengo probak izan nituen, eta distantzia bietan nire marka pertsonalak hobetzea lortu nuen. 1.500eko proban 4.18ko denbora egin nuen, eta pozik nago; estaliko pistak txikiagoak dira, peraltea daukate, eta zailagoa da, beraz. Hori bai, denbora horrek erakusten du oraindik asko hobetu beharra daukadala. Baina sentsazio onekin itzuli nintzen.

Espainiako kros txapelketa ere irabazi berri duzu Santanderren.
Erritmo bizia ezarri nuen hasiera-hasieratik, eta horri eutsi ahal izan nion. Irabazten dudan bosgarren aldia izan da.

 

Martxoaren 22an sinatu zuen akordia BAT Basque Team-ekin: (Argazkia: @BATbasqueteam)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!