“Nire bizitzako ziklo bat ixteko baliatu gura dut erakusketa”

Anboto 2016ko api. 3a, 11:00

Durangoko Napozt tabernan ipini du Amaia Lejarretak (Durango, 1983) Pure feeling pintura erakusketa. Bi hilabetez egongo da erakusketa taberna horretan ikusgai.

‘Pure feeling’ izenburua ipini diozu erakusketari. Nondik dator izenburu hori?
Erakusketako autorretratuan agertzen naizen bezala, musika entzunez margotzen eman ditut azken hilabeteak, eta entzun nuen kantuetako baten izenburua da Pure feeling, Florence & The Machine-ena. Asko eragin zidan kanta horrek: gauza asko beldurragatik egiten ez ditugula esaten du. Momentu hartan, heriotzari, maitasunari, familiari... buruzko gaien inguruan pentsatzen eta barrukoa koadroetan islatzen nenbilen, eta kantuan bezala, sentimendua zen dena. Nire bizitzako ziklo bat ixteko baliatu gura dut erakusketa hau.

Musikak leku inportantea dauka zure bizitzan eta lanean?
Bai, oso tresna baliagarria da niretzat musika: topikoa dirudi, baina uste dut musikarik barik ezingo nintzatekeela bizi. Oso gustuko dut musika berriak ezagutzea, eta denetatik gustatzen zait, gainera. Letretan, kantak kontatzen duen horretan, ipintzen dut arreta gehien.

Askotariko material eta formatuko lanak daude erakusketan.
Oso anitza da erakusketa, sortzen ibili naizeneko sentimenduak ere askotarikoak izan direlako. Eboluzio baten isla da erakusketa. Estetikoki, lan hauetan darabiltzadan koloreek ez dute zerikusirik lehen erabiltzen nituenekin: fluor koloreak erabiltzen ditut. Marrazkera ere soilagoa da, eta akuarelak erabili ditut. Lehen, ez nituen detaile handiko gauzak egiten.

Erakusketako hainbat kadrotan lorak agertzen dira...
Bai, fijazioa daukat lorekin: hain gauza arrunta izanda, kolore eta forma aldetik, plastikoki, oso ederrak iruditzen zaizkit.

Taberna batean erakusteko aukera, zelan baloratzen duzu?
Zabaldu zutenetik, Napozt oso leku atsegina iruditu zait, eta erakusketa hemen izateak asko animatu ninduen. Oso gustuko dut hemen koadroekiko sortzen den hurbiltasuna.

Umetatik margotu izan duzu?
Bai, umetatik gustatu izan zait margotzea. Durangoko Institutuan batxilergo artistikoa ikasi nuen lehenengo, eta gero, Arte Ederrak unibertsitatean, pintura espezialitatean.

Makillatzaile lanean aritu zara.
Bai, karrera amaitu, eta makillaje ikastaro batzuk egin nituen, eta irakaslea izan naiz Bilboko eskola batean. Udan, hiru urte beteko dira farmazia batean lanean hasi nintzenetik, eta nire kabuz jarraitzen dut makillajeari loturiko lanak egiten.

Pinturak zer leku izan du urteotan zure bizitzan?
Makillaje munduan hain sartuta egon nintzen urteetan, apur bat aparte utzi nuen margotzea; makillajeagaz loturiko bozetoak edo diseinuak egiteko margotzen nuen, baina gero ez nituen ideiak gehiago garatzen.

Erakusketa honetako lanak sortzen hasi arte.
Bai, uda honetan bajan egon naiz, bizitza birplanteatu dut geldialdi horretan, eta hortxe heldu diot berriro pinturari. Aldaketa pertsonalen ostean, pentsatzeko eta bizitzeko era aldatu ditut; nire identitatea birdefinitu dut, zelanbait, momentu zail bat igaro eta gero.

Sorkuntzak leku inportantea du bizitza berri horretan?
Bai, oso lotuta dago sorkuntzagaz. Urte batzuk artistikoki erdi lo egon naizela ohartu naiz, eta hori da aldatu dudan gauzetako bat. Energia guztia eman nion urte batzuetan makillajeari. Orain, gauza berriak egin eta ikasteko gogoz nago.

Zer daukazu eskuartean orain?
Buruan badarabilt ikus-entzunezko lanen bat egiteko ideia, bideoa eta makillajea uztartuz. Batez ere, esperientzia berrietan inspirazioa bilatzen nabil.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!