Emanaldi akustikoan aurkeztuko du Doctor Deseok disko berria, Hitz liburu-dendan

Anboto 2016ko api. 4a, 11:00

Apirilaren 9an Durangoko Plateruenean eskainiko duen kontzertuaren aurretik, Doctor Deseo talde bilbotarra emanaldi akustikoan entzuteko aukera izango da, apirilaren 7an, 19:00etan, Hitz liburu-dendan.

Urtebetean kontzerturik eskaini barik egon ostean, Igual y diferente, una mirada distinta disko berriko hainbat kanta aurkeztuko ditu Doctor Deseok, Durangon. Apirilaren 9an Plateruenean eskainiko duten kontzerturako “aperitifa” izango da Hitzeko emanaldi akustikoa, liburu-dendako arduradunen berbetan, eta Durangoko Kafe Antzokiko kontzerturako sarrerak eskuratu ahalko dira bertan.

Arduradunek azpimarratu dutenez, Hitz liburu-denda izango da Doctor Deseoren disko berria salgai ipiniko duen Euskal Herriko lehenengo saltokia, izan ere, emanaldiaren egunean, apirilaren 7an, ekingo baitiote salmentari.

Taldearen hamabosgarren diskoa da bederatzi kantako Igual y diferente, una mirada distinta, eta bi euskarritan kaleratu dute; CDa eta DVD bat biltzen dituen liburu bat prestatu dute “zaleentzat opari”: kanta berriez gain, Bilboko eta Lekeitioko zuzenekoetan grabatutako hainbat abesti biltzen ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!