Martxoak 31

Durangaldean 6 hobi komun lokalizatu dituzte, momentuz

Anboto 2016ko api. 1a, 14:03

Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi zientzia elkarteak Gerra Zibilean fusilatu eta desagertutako pertsonen inguruko ikerketa garatu dute 2003az geroztik.

Guztira, 80 hobi komun identifikatu dituzte Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eta horietatik 6 Durangaldekoak dira, Durangoko hilerrikoa kontuan hartu barik. Azken urteetan, horrela, hobietan lurperatutako memoria berreskuratzen ari dira.

Hobi gehiago
2020rako, identifikatutako hobi guztiak ikertuta egotea aurreikusi dute arduradunek. Baina, Paco Etxeberria Aranzadi elkarteko presidente eta ikerlari ezagunak azaldu du 2020ra bitartean hobi gehiago topatuko dituztela. Izan ere, aurkikuntzak ematen diren aldiro, lekukotza berriak agertzen dira.

Fusilatuak eta hildakoak
Gainera, kontuan eduki behar da hobi kopurua askoz handiagoa izan daitekeela. Etxeberriak emandako datuen arabera, Gerra Zibilean frankistek 2.352 errepublikazale fusilatu zituzten, eta 764 frankista errepublikazaleek. Horretaz aparte, beste 6.300 errepublikazale eta 5.700 frankista hil ziren.

Horregatik, hobi asko eta asko egongo dira itzalean, ahantzita, herrietan eta borroka frente izan ziren mendietan sakabanatuta.

1. ZORNOTZA

Gantzabal mendia

Gantzabal mendiko gailurraren ondoko lubakietako batean dago hobia, Gernikagaz muga egiten duen eremuan. 2008an gorpuzkiak agertu zirela abisu eman zuen herritar batek, eta ondoan, 71.228 zenbakidun txapa bat ere bai. Dragones EBL batailoiko miliziano batena zen.

Aranzadikoek gorpuzkiak ateratzeko lana egin zuten, miliziano haren bilobak aurrean zeudela. Hezurrak berreskuratu zituzten, baina egoera txarrean kontserbatu zirenez, ez dute uste genetikoki identifikatu daitekeenik. Leku berean gorpu gehiago egotea ere posible ikusten dute ikerlariek.

 

2. ZORNOTZA

Hilerria

 

Zornotzako hilerrian hobi komun bat dago, gune erreserbatu batean eta gurutze bategaz seinalatua dagoena. 50 metro karratu inguruko azalera dauka hobiak.

Udaletxean gordetako dokumentuen eta parrokia-liburuen arabera, hilerrian hainbat gorpu lurperatu zituzten. Besteak beste, Bizkargiko eta Lemoatxako fronteetatik hilda zetozen gudari eta milizianoen gorpuei lur emateko sortu zuten hobia, jasotako testigantzen arabera.

Aranzadik 2013an egin zuen ikerketa txostena. Ez da lanik egin gorpuak ateratzeko asmoz.

 

3.ZORNOTZA

Euba auzoa

Euba auzoko Palacios baserriaren ondoan dago hobia, eta gorpu bakarrekoa dela diote ikerlariek. Baserrikoak eurak izan ziren hobiaren inguruko abisua eman zutenak, 2012an. Badirudi inguru horretan 1937ko maiatzean izandako borroken ondoriozkoa dela, altxamendua burutu zutenek Bilbo hartzeko saiakeran gertatutakoak, hain zuzen ere.

Aranzadikoen ustez, borrokalari nafar baten gorpua izan ahal da inguru horretakoa, baina ez dakite zein bandotakoa.

Momentuz, ez dute gorpua ateratzeko beharrik aurrera eraman.

 

4. MAÑARIA

Saibigain mendia

2004an, herritar batek hainbat hezur-hondar topatu zituen ustekabean  Saibigain mendian, eta Aranzadiren esku utzi zituen.  Gerra Zibilaren sasoian, borroka ugariren kokagune izan zen Saibigain.

Topatutako hondarrak, ikerlariek azaldu dutenaren arabera, oso hondatuta daude urtetako meteorologiaren eraginez. Izan ere, herritarrak partzialki lurperatuta aurkitu zituen hondarrak. Horrez gainera, besteak beste, larruzko bota bat ere topatu zuten inguru horretan.

Ez dute gorpuak lurpetik ateratzeko lanik egin.

 

5. ELORRIO

Santa Luzia mendia

Elorrioko Santa Luzia mendiko gailurraren ondoan, lepo txiki batean dago hobi komuna. Goikoetxe baserritik igotzen den bideak eta Kanpazarretik Besaide mendira doanak bat egiten duten eremuan.

Herritar batek Aranzadiri emandako informazioaren arabera, Euzkadiko Gudarosteko ofizial bat eta soldadu bat fusilatu eta lurperatu zituzten bertan, 1937ko apirilean frankistek atxilotu ondoren.

Ez dute gorpuak lurpetik ateratzeko lanik egin. Baso jarduera izan da bertan, baina ez dute uste hobian eragina izan duenik.

 

6. OTXANDIO

Hilerria

2004an egon ziren Aranzadikoak Otxandioko hilerrian. Herritar batek bere aita bertako hobi batean lurperatuta zegoela uste zuen, eta ikerlariekin hartu-emanetan ipini zen. Hilerriko lurperatzaileak hobia bazegoela konfirmatu zien, baina 60ko hamarkadan gainean banakako beste lau edo bost hilobi egin zirela ere bai.

Gero, 1936ko uztailaren 22ko bonbardaketaren lekuko batekin berba egin zuten ikerlariek, eta eraso hartako hainbat biktima hobian lurperatu zirela berretsi zien. Hilerriaren erdigunean dago eremua, eta ez dute gorpuak ateratzeko lanik egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!