Jone eta Maitenak, Belaustegigoitia ahiztek, gertu-gertutik jarraitu eben Durangoko bonbaketea. Gaur egun, Jesuitetako ikastetxearen alboan bizi dira, eta gomuta asko ekarten deutse leku horrek; izan be, San Jose elizan galdu eban bizia Itziarrek, familiako hirugarren ahizteak.
“Itzela izan zan. Goizean goiz, kanpai hotsa entzun genduan. Ohetik jagi eragin euskuen, eta behean geunkan babesleku baten sartu ginan, goizeko 07:00ak inguruan. Bruno Maurizio Zabala kalean bizi ginan orduan. Tarte baten, hantxe egon ginan, baina ez zan bonbaketarik izan; ingurua aztertzeko igaroko ziran hegazkin hareek.
Gero, bakotxa bere aldetik gertau ginan, ohitura zan lez, mezatara joateko. Gure ahizta Itziar bizkorren gertau zan, eta Jesuitetako San Jose elizara joan zan. Gu biok, ostera, beranduago ibili ginan eta Santa Anara joan ginan. Gure aita Bilbora joatekoa zan, baina trena ailegau orduko, 08:45 aldera hasi zan bonbaketea.
Momentu oso laburra izan zan. Santa Anan gengozala hasi ziran bonbaketan. Bildurtzen hasi ginan, baina pentsetan genduan han oso ondo gengozala, elizarik ez ebela apurtuko. Bagenkian zelakoak ziran, baina katolikoak zirala hainbeste bider entzunda...
Eliza parean gengozala, Santa Ana plazan, gudari batek abisua emon euskun, jentea ahal eban lekuan sartu eiten, hegazkinek Durango inguratu ebela eta. Elizako torrean egozanek “ha caído Santa Maria” esan euskuen, eta orduantxe jabetu ginan egoereaz.
Itziar bizirik aurkitu eben Jesuitetan. Ez eukan zauririk be, baina gasak edo eztandeak hil eban. Jesuitetan, 27 hil ziran eta, euren artean, mezea emoten egoan abadea.
Gure neba bat ospitalean egoan, kamilero lez lanean. Bonba batek gertu harrapau eban eta oso txarto pasau eban. Beste neba bat gudari moduan aritu zan eta, urte bi geroago, Kirikiño batailoian, bonba batek bete-betean harrapau eban.
Liburu batzuek besterik badinoe be, arratsaldera arte ez zan beste bonbaketarik izan. Hirurak aldera bueltau ziran hegazkinak eta, orduan, beste taktika bat hartu eben. Gernikako antzera, ametrailadoreak be erabili zituen, eta bonbak herri inguruetan bota zituen, ihesi joian jentea hilteko. Gure lehengusina bat be inguruko mendietan hil zan.
Egun bi barru, beste bonbaketa moduko bat izan zan, eta Zornotzako baserri batera joatea erabagi genduan. Han paper bat erakutsi euskuen: “vizcaínos, rendíos, de lo contrario arrasaré toda Vizcaya. Tengo medios sobrados para ello. General Mola”.
Bildurra, amorrua, sentimentuen nahaste bat zan ha. Laudiora joan ginan, apirilaren 26ko egunsentian, Gernikako bonbaketen egunean. Gero, Landetara joan ginan, handik Kanbora, eta gero Angelura. Hiru urte egin genduzan Iparraldean. Abalau egin euskuen eta mugea igaroteko aukerea izan genduan. Laudion eta Areetan bizi ondoren, 16 urte geroago bueltatu ginan gure jaioterrira, bizi izatera.