Don Jesus Aldekoa-Otalorak 22 urte zeukazen, Durango bonbardatu eben egunean. Urte asko joan diren arren, 1937ko martxoaren 31 ondotxo gogoratzen dau oraindino. Santa Ana elizara joan gura izan dogu, 91 urteko abade honen egun haretako oroitzapenak ezagutzeko. Bonbardaketan, unean uneko erabakiek banatu eben bakotxaren zoria. Jesuitetatik urten beharrean, barruan geratu izan balitz, orain ez geunke Don Jesusen testigantzarik edukiko.
Non harrapatu zintuen bonbardaketak?
Ni Jesuitetako elizan harrapatu ninduen. Beste abade batzuekin, meza entzutera joan nintzen. Bonbardaketa hasi zenean, Andra Mariko elizako kanpaiak eta sirenak entzun genduzen. Baten, birritan eta barriro be bai. Neure lagunei galdetu neutsen: “Zer egingo dogu?”. Eztabaidan ibili eta gero, kanpora joateko erabagia hartu genduen nik eta beste bi lagunek.
Handik urtenda, nora joatea erabagi zendueen?
Jesuiten ostetik eta Antonio Uribarrenaren arotzeriaren kontratik, arineketan joan nintzen Iurretara, eta errekaren beste aldera ailegatu nintzenean, beste anaia bigaz topo egin neban. Zanga handi baten sartu ginen, Durango bonbardatzen jarraitzen eben bitartean. Nik, hasikeran, abioietatik botatzen ebena botilak zirela pentsatu neban; pilo handia botatzen ari ziren, eta denak goitik behera zetozen. Baina azkenengo 200 metrora, denak buruz behera plantatzen ziren eta su bizia eta izugarrizko lainoa ateratzen eben.
Jesuitetan gelditzea erabagi ebenek bizia galdu eben?
Bai. Igaz, egun hori kanposantuan ospatu genduenean, han agertu zen batek bera be hantxe egon zela esan eban. Nik ez neban ikusi inor urteten, baina, itxura denez, beste batzuk gehiago be urten ziren kanpora. Egia esan, Jesuitetan izugarrizko triskantza egin eben.
Bonbardaketa gertatu eta gero, lehenengo momentuak zelakoak izan ziren?
Hortik aurrerako gitxi esan neike. Ahalik eta gitxien joan nintzen Durangora, baina nik ikusi nebana zen Ertzainak etorri zirela inor baino lehenago. Akordetan naz Ertzainak herrira etortzea barri pozgarria izan zela guretako. Harek kalean gora sartu zirenean, errespetoa sortu eben. Testuingurua aztertu behar da, jentearen erreakzinoa ulertzeko. Askok zeukien Durangon, Abadiñon, Iurretan edo Berrizen baserriren bat, eta ahal ebanak ahal zen moduan urten eban. Neure abade lagun bat, Mendibil, Montorretan gora arineketan zihoala, bonbardaketaren ondoren etorri zen aeroplano batek hil eban bala bategaz. Goitik botatzen zitueen eta harrapatzen ebena harrapatuta zegoen.
Bonbardaketan hilak bai, baina zaurituak be asko izan ziren. Ospitale berezirik antolatu zen eurendako?
Ipini eben, bai. Bilbo aldera be hainbat eroan zitueen. Asko bidean hil ziren. Inguru guztietako jentea batu zen Durangon zegozen beharretan laguntzeko. Bai elizetan, bai kalean, zeregin handia zegoen, eta neu be hantxe ibili nintzen laguntzen.
Herriaren berreraikuntza zelangoa izan zen?
Orduan, barriztu, gitxi egin zen; bakotxak berak ahal ebana. Udalak kaleak garbitu zituen, baina, bestela, gerraostera arte berreraiki barik geratu ziren. Kaleak pixka bat garbitu ziren, eta gero ikusten zen tropek Durango hartu behar ebela, eta hori beste egoera bat zen.
‘Geureak’ elkartearen sorkuntzan parte-hartze zuzena izan zenduen. Zer helburugaz sortu zen elkartea?
Lehenengo eta behin, sasoi haretan zer edo zer izan genduenok, espetxeetan edo ‘trabajadoreetan’ jardun genduenok, esaterako, nortzuk izan ginen eta egoera zelangoa izan zen aztertzea eta, ildo horretatik, zelan egon ginen jakitea. Pentsino bat eskatzen dogu; han egon zirenen familien ardura hartzea.
Derrigorrezko beharretan be jardun zenduen, beraz.
Bai. 57 abade egon ginen bataloietan lanean, eta ez euskaldunak bakarrik; espainiarrak be egon ziren tartean.
Kartzelan be egon zinen?
Egon nintzen, bai. Hemendik harrapatu eta Iruñera eroan gintuezen, kartzelara.
Derrigorrezko behar horreek, ‘trabajadoreetako’ zeregin horrek, non egin zenduzen?
Bruneten egon ginen, zanjak egiten. Hasikeran, guk egiten genduen beharra zera zen: zazpi metro alde batera, zazpi metro bestera, eta sei barrura neurrietako zuloak. Ondoren, zuloak tapatu egiten genduzen, handik eta hemendik batutako zuhaitz zatiekin. Zulo hareek tranpak ziren. Madrildik zetozen tankeak edo antzerako ibilgailuak bertan harrapatuta geratzen ziren, eurak konturatu orduko.